Xabi Chico: "Nesken taldea entrenatzeko eskaintza segituan onartu nuen"

Nera Uranga 2016ko irailaren 2a

Taldekideak ondo ezagutzeko eta denboraldia gogor hasteko, egunero ari dira entrenatzen Iraurgiko emakumeen lehen taldekoak. Chico orain estreinatuko da taldeko entrenatzaile.

Saskibaloiko entrenatzaile bezala ibilbide luzea du Xabi Chicok (Urretxu, 1969). Iraurgi Saskibaloi Taldean dabil azken urteotan, hirugarren denboraldia du hau; oraingoan, Espainiako saskibaloiko emakumeen Bigarren Mailako Rioja Añares ISB taldea entrenatzen ari da. 16 urtez azpiko mutilen Europako Txapelketatik Espainiako selekzioarekin urrezko domina lortu berri du, eta handik bueltan Iraurgik eskainitako erronka berriari heldu dio. Jaioterrian, Urretxun, hasi zinen saskibaloian. Bai, Urretxun hasi nintzen saskibaloian, 1983. urtean. Ondoren, 23-24 urterekin hasi nintzen entrenatzaile. Urretxun jardun nuen uste askotan eta azken hiru urteotan Azpeitian ari naiz. Aurreko bi denboraldietan Iraurgiko gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailearen laguntzailea izan zara. Bi denboralditan Iker Buenori laguntzen ibili naiz Espainiako Zilarrezko LEB ligako ISBko taldearekin, bigarren entrenatzaile. Orain, aurreneko urtea izango dut nesken lehen taldeko entrenatzaile lanetan. Nola hartu duzu Rioja Añares ISB taldea entrenatzeko eskaintza? Ez nuen pentsatzen aukera hau izango nuenik, baina uztailean Jose Luis Zubizarreta Xubik deitu zidan entrenatzailea aldatu nahi zutela esanez. Niretzako aukera zen lehen entrenatzailea izateko. Aurrez neskekin Urretxun jarduna naiz, eta alde horretatik ez neukan inongo arazorik; erronka bezala ondo iruditu zitzaidan. Ez nuen zalantza askorik izan baiezkoa emateko, segituan onartu nuen eskaintza. Rioja Añares ISB taldeak aurreko denboraldian Espainiako Lehen Mailan jokatu du, baina maila galdu eta bigarrenean ariko da. ISBtik esan izan dute, hori dela taldeari dagokion maila. Maila hori egokitzen zitzaion, hori horrela da. Aurtengo denboraldirako zein helburu jarri dituzu? Jokalariak ezagutzen ditut pixka bat, baina liga ez dugu ezagutzen ez jokalariek eta ez nik. Hala ere, badaukagu jokalari bat aurretik Caceresen jokatu duena eta liga ezagutzen du. Aurrena saiatuko gara liga bera nolakoa den ikusten, eta helburu bezala, gustatuko litzaidake play offetan sartzea. Dena den, lehenengo, partidaz partida lehiatu behar dugu eta mailari eutsi behar diogu. Hala ere, aurreko denboraldiko azkenenengo partidetan talde hau konpetitzeko gai zela ikusi zen. Orain, taldeko aldaketak aldaketa, bigarren maila honetan ondo sartzen bagara, eta gauzak ondo egiten baditugu, uste dut aukera izango dugula mailari eusteko eta play offetan sartzeko. Benetan, helburua ederki betetzea izango litzateke. Aurrena, orduan, partidaz partida. Bai, ikusi egin beharko dugu kanpotik etorri diren hiru jokalariak nola moldatzen diren taldera, nolako maila dagoen ligan... Taldekideek esperientzia handia hartu zuten iaz saskibaloiko emakumeen ligan. Azken denboraldietan entrenatzaile bera izan dute, eta orain taldeko entrenatzailea aldatu egin da. Ea denok ondo moldatzen garen elkarrekin. Goi mailan jokatu arren, Iraurgin harrobiko jokalariek garrantzia handia dute. Talde honen kasuan ere oso argia da. Hala da, aurreko denboralditik harrobiko bi jokalarik utzi dute taldea; Maitane Gurrutxagak eta Naroa Uriak. Haien ordez beste bi juniorretako bi jokalari sartu ditugu taldean: Maitane Domingez eta Oihane Aizpurua. Momentu honetan, lehenengo taldean etxeko zortzi jokalari daude eta juniorretako bospasei jokalarik gurekin entrenatuko dute. Beraz, 14-15 jokalariko etxeko taldea osatu dugu. Horrek esan nahi du Iraurgiko harrobia bizirik dagoela. Denboraldi honetan ere kanpotik hiru jokalari ekarri dituzue taldera. Nola erabaki duzue zein ekarri? Xubi eta bion artean aukeratu ditugu. Azken batean, etorri diren jokalarien profilak  iaz egon ziren kanpotarrenen antzekoak dira: bat barrutik jokatzeko, beste bat barru-kanpokorako eta beste bat kanpokorako. Honako jokalari hauek etorri dira: Iaz Caceresen jokatu zuen eta bere taldean puntu gehien lortu zituen (8 eta 16-17 tanto partidako) Tamara Taylor. Liga ondo ezagutzen du, eta ondo etorriko zaigu; bestetik, Laura Johnson daukagu, iaz Kataluniako Kopan jokatu zuen eta saskiratzaile onena izan zen, 21 urterekin; eta hirugarrena da Alexis Udoji. Ikasi zuen unibertsitateko tapoien errekor historikoa dauka. Uste dut hirukote horrek etxeko taldeak dauzkan gabeziak beteko dituela, bai altueran baita antolaketan ere. Azken batean, taldea indartzen saiatu gara. Talde honek ere bete egin ditu kiroldegiko harmailak, eta ilusioa ere sortu du zaleen artean. Horrela dela uste duzu? Azpeitira etorri nintzenean, Iraurgik harmailetan zituen zaleekin harrituta gelditu nintzen. Gizonezkoen taldeak jokatzen duenean bete egiten da kiroldegia, eta baita emakumeenak jokatzen duenean ere. Asteburua joan eta asteburua etorri, harmailak beteta ikustearekin ezustekoa hartu nuen. Herria dena emanda dago, bai gizonezkoen eta bai emakumezkoen taldearekin, eta jendea pozik etortzen da. Aurten ere, ea betetzen ditugun Azpeitiko edo Azkoitiko harmailak. Seguruenik, oraindik ziurra ez bada ere, igande goizetan jokatuko ditugu etxeko partidak. Urriaren lehen asteburuan hasiko dugu denboraldia, etxetik kanpo, Vigon. Gogor ari zarete orain entrenatzen, egunero-egunero. Bai, aste honetan egunero jardun dugu, datorren astean lagunarteko partidekin hasiko garelako. Hurrengo larunbatean Galdakaoko Ibaizabal taldearen kontra jokatuko dugu. Partida hori Euskal Koparen aurrekoa bezala da,  eta irabazten duenak emakumeen ligako beste hiru talderen kontra jokatuko du Euskal Kopa, bi asteburu barru, Gernikan. Guretzat aukera bat da irailaren 10eko partida; izan ere, etxean jokatuko dugu, gure zaleen aurrean, eta gero Kopa jokatzeko aukera izan dezakegu. Horregatik ari gara gogor lanean, badakigu aurredenboraldiak beti gogorrak izaten direla, eta aurten, igoal, pixka bat gehiago, taldearen entrenatzaile berria naizelako-eta. Jokalariek ahalegin handia egiten dute, egunero lanera edo ikastera joan ondoren entrenatzeko. Bai, bai, horrela da. Kanpotik datozen jokalariei ere hori argi azaltzen diegu; hemengoek entrenatzeko aukera lan egin ondoren dutela, arratsaldez. Ni ere lanetik etortzen naiz jokalariak bezalaxe, eta lan egin, egunero entrenatu eta asteburuetan partidak... Gogo handia eduki behar da horretarako. Alde horretatik, kexatzeko motiborik ez daukat jokalariekin. Iraurgiko taldeek zerbait berezia baldin badute talde barruko giroa da, kanpotik datozenak ere etxeko sentitzen dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide