Betiko “esentziari” heltzen diote

E. Albizu Lizaso 2016ko ira. 1a, 17:36

Azpeitia Motor jaialdia ospatuko dute larunbatean, eta kontzertu ugari emango dituzte Perez Arregi plazan. Baron Rojo Espainiako heavy-rockaren erreferentea izango da herrian.

Baron Rojo taldeko musikariak. (BARON ROJO) “Bizitza osoa” musikari eskaini diote Baron Rojo Espainiako taldeko kideek. Hego Amerikan izan berri dira; eta azaroan, ipar Amerikan hasiko dute itzulia. Bien bitartean, ordea, Azpeitian joko du heavy-rock taldeak. Larunbatean da kontzertua, AZTE elkarteak antolatutako Azpeitia Motor jaialdiaren barruan. 18:00etan hasita, Perez Arregi plazan joko dute honako taldeek: Baron Rojo, Elbereth, Euphoric, Everlevel eta Hyronike. 1980. urtean sortu zuten Baron Rojo, Madrilen, eta 21 disko argitaratu ditu 36 urtean. Carlos de Castro taldeko lehen abeslaria eta bigarren gitarra da. Hark azaldu du beraien musikari “fidelak” direla, “sentitzen” eta “gustatzen” zaien musika delako hori: “Urte asko daramatzagu, baina beti saiatu izan gara gure esentzia mantentzen, jotzerakoan eta konposatzerakoan”. Hastapenetatik, hamaika aldaketa izan ditu taldeak, joan-etorri ugarirekin, baina “izaerari eutsi” diote: “Ingurua aldatzen denean, zu ere aldatu egiten zara, ez dago erremediorik. Dena den, uste dut guk lortu dugula betikoak izaten jarraitzea”. Baron Rojo izenak historia eta umorea ditu atzean, de Castroren arabera. Batetik, erreferentzia egiten dio Lehen Mundu Gerrako hegazkin pilotu alemaniar bati;?bestetik, Snoopy y el baron rojo komiki liburua du oinarrian. Gainera, abeslariak oso gustuko du izena, gaztelaniazko varon hitza, politikoki, eskuinarekin lotu izan dutelako beti, eta hitz joko polita delako Baron Rojo. Kontzertuei begira Azken hilabeteetan, kontzertuei begira ari dira lanean Baron Rojoko musikariak, de Castroren hitzetan. Haren arabera, diskoak ateratzeak diru asko eta esfortzu handia eskatzen du gaur egun, eta ez du fruiturik ematen. “Kontzertuetatik bizi gara, diskoek ez dute jateko adina diru ematen. Guk beherakada horren prozesua gertutik bizi izan dugu, eta uste dut musika, gaur ulertzen dugun bezala, bukatu egingo dela. Gure ondorengo belaunaldiek aurkitu beharko dituzte modu berriak, edo aldarrikapenari heldu beharko diote, gauzak aldatzeko”, azaldu du. Halere, “gustura” daude, kontzertu asko dituztelako, eta han-hemen jotzen jarraitzen dutelako, urteak igaro arren. Euskal Herria, leku berezia “Ezingo nuke esan zenbat aldiz jo dugun Euskal Herrian, baina askotan izan gara bertan”, adierazi du abeslari eta gitarra jotzaileak. Halere, berriro itzultzeko gogoz daude, beti “oso ondo tratatu” dituztelako. “Jendea ere berezia da:?hasieran oso serioak dira, baina kontzertuak aurrera egin ahala animatzen dira. Hori alderantziz gertatzen da beste lekuetan”, esan du. Gustukoa du hori, ikusten duelako entzuteko intentzioarekin joaten direla; ezagutzeko, eta musika gustatuz gero, ondo pasatzeko. Azpeitira heltzeko “irrikitan”, de Castrok herritarrei esan nahi die beti bezain “indartsu” daudela; eta “ahalik eta kontzertu onena” emango dutela larunbatean. Kontzertuen aurretik antolatu duten bazkari herrikoian izena eman daiteke oraindik. Horretarako, 943-02 68 56 zenbakira deitu edo Etxe Zuri tabernara joan behar da. Azpeitia Motor jaia
  • Irailak 3, larunbata 10:00. Moto irteera. 13:00. Metal poteoa. 15:00. Bazkari herrikoia. Txartelak Etxe Zuri tabernan daude salgai. 18:00. Kontzertuak, Perez Arregin: Baron Rojo, Elbereth, Euphoric, Everlevel eta Hyronike.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide