Bihar irekiko dute estalitako igerilekua Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2016ko abuztuaren 15a

Estalitako igerilekua bihar, asteartea, irekiko dute. Aurreneko aldiz irekiko dute abuztuan, gainera. Azpeitiko Udalak esan duenez, "igerilekuko erabiltzaileen eskaerei erantzunez" hartu du erabakia. Ordutegia, berriz, honakoa izango da: 09:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara. Horretaz gain, gimnasioan ere zenbait aldaketa egin dituzte; horiek ere erabiltzaileen eskakizunak kontuan hartuta. Luzaketak egiteko gunea tokiz aldatu dute, eta telebista bat eta sei bizikleta berri jarri dira; lau spinninekoak eta bi ergonomikoak. Udalak azaldu du aldaketen helburua "espazioaren erabilera eta aireztatzea" hobetzea dela, gimnasioa dagoeneko "txikiegi" gelditu zaielako erabiltzaileei.

Udalaren eta Gureaken hitzarmena

Bestalde, Udalak eta Gureakek hitzarmena sinatu dute, "adimen urritasuna duten pertsonen inklusio soziala bultzatu eta gizarte justuago bat eraikitzeko asmoz". Hitzarmenari esker, Ander Alberdik beste urtebetez jarraituko du igerilekuko garbiketa eta mantentze lanez arduratzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide