San Inazio egunean adingabeei zezenketara bakarrik sartzen uztea egotzita salaketa jarri du Zezenketen Kontrako Bizkaiko Kolektibo Animalistak

Urola Kostako Hitza 2016ko abuztuaren 12a

Zezenketen Kontrako Bizkaiko Kolektibo Animalistak salaketa jarri du Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzan, San Inazio egunean zezen plazara "16 urteko adingabe askori heldurik gabe" sartzen uzteagatik. Elkarte animalistak ohar bidez azaldu duenez, "dozenaka adingabe" Azpeitiko zezen plazan sartu ziren "atzeko ateetatik, agintarien eta arduradunen aurrean", zezenketa hasi ondoren. Zezenketa ikuskizunak arautzen dituen lege-dekretuaren arabera, 16 urtetik beherako adin txikikoak adin nagusiko norbaitek lagunduta soilik joan ahal dira zezen-ikuskizunetara. Ondorioz, Azpeitiko zezen plazan legea urratzen ari zirelakoan, gertatutakoaren berri eman zioten Ertzaintzari elkarteko kideek.

Zigor handienen eske

Elkarte animalistaren iritziz, herritarrek ezin dute "legea hautsi", "hare gutxiago" kaltetuak adin txikikoak badira. Ohartarazi du ez dela kasu bakar bat izan, baizik eta "dozenaka" izan direla kaltetutako adingabeak. Hori dela eta, kasu hauetarako legean aurreikusten diren "zigor handienen ezarpena" eskatu du. "Agintarien betebeharra da indarkeria erabiltzen duten ikuskizunek adingabekoen heziketan eragin ditzaketen ondorio psikologikoez arduratzea", gaineratu du elkarteak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide