Politikarien bisita, Etxeraten elkarretaratzea eta bakailao txapelketa, San Inazio bigarrenez

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko abuztuaren 1a

Bihar goizaldean bukatuko dira Azpeitiko San Inazio jaiak; bitartean, kirola, musika, musa eta abar aukeran daude festaz gozatzen jarraitzeko.

(E. Albizu Lizaso) Agintarien bisita, elkarretaratzea eta Haujijijaik antolatutako bakailao txapelketa izan dira protagonista San Inazio bigarrenez, Azpeitian. Urtero legez, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko etorrerarekin hasi da eguna herrian, eta harrera egin ostean, Loiolara joan dira udal ordezkariekin batera. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria hauteskundeez mintzatu da, eta esan du legeak ezarritako epearen barruan deitu dituela bozak, eta ez duela ulertzen zergatik leporatzen dioten hauteskunde data goizegi jarri izana. Loiolara iritsi direnean, zain zituzten Etxerateko kideak Arrupe hotelaren parean, baina aurtengoan, lehen aldiz, lehendakaria ez da haiena gerturatu urteko balantzearen txostena jasotzera. Etxerateko kideek azaldu dutenez, "azken unean" eman diete erabakiaren berri; eta, nahi izanez gero, idatzia lehendakariaren idazkariari uzteko esan diete. Dispertsioak gazte eta nerabeen artean duen eragina aztertu du aurtengoan Etxeratek, eta azterketa horren emaitzak ematea zen haien helburua.
Azpiazu eta Etxezarreta nagusi, bakailao prestatzen
Politikarien joan-etorrien artean, IX. Bakailao txapelketa jokatu dute herriko plazan. 25 bikotek parte hartu dute lehian, eta Iban Azpiazu eta Arantzazu Etxezarreta izan dira garaileak. Ondoren, Haritz Azpitarte eta Oier Oiartzabalek bukatu dute bigarren postuan; eta hirugarrenak izan dira Eñaut Agirregabiria eta Mikel Zaldua. Elkarterik onenaren saria Zelai Luzek jaso du; Anjel eta Iker Olabarria aita-semeek prestatu dute bakailaoa. Epai-mahaiak nabarmendu du "maila altuko" platerak egin dituztela aurtengoan lehiakideek. Honakoa da festak bukatu artean gelditzen den egitaraua:
Gaur, abuztuak 1
14:30. Herri bazkaria, Berdura plazan. 17:00. Mus Txapelketa, Sanagustin kulturgunean (16:30ean irekiko da izen-ematea, kulturgunean bertan). 18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean, Zezen Beltz elkarteak antolatuta. Ganadutegia: Lopene. Bapatean Zirko taldearen antzerki emanaldia, Perez Arregi plazan. 18:30. Zezenketa, feriako hirugarrena, zezen-plazan. 19:00. Emakumeen eskuzko pilota jaialdia, Frontoi Txikian. Antolatzailea: Ilunpe Pilota Elkartea. Lehenengo partida: Alaitz Badiola (Azpeitia)-Ainitze Labaien (Amezketa) vs Maite Iriarte (Azpeitia)-Alazne Inziarte (Oiartzun); bigarrengo partida: Olaia Bikendi (Azkoitia)–Patri Espinar (Hernani) vs Eneritz Arrieta (Azkoitia)-Miriam Arrillaga (Zubieta) 18:45. Los Pasai txarangaren emanaldia, zezen-plazatik irtenda, kaleetan zehar. 22:00. Rodeo Stoner taldearen kontzertua, txosnagunean. Ondoren, ekitaldi feminista. 00:00. Ken Zazpi taldearen kontzertua, plaza Nagusian. DJ festa, Olazko Andre Mariaren plazan. 01:00. Joseba B. Lenoir Gang-en kontzertua, txosnagunean. 02:30. Pelax kontzertuan, txosnagunean.
Bihar, abuztuak 2
06:00. Incansables txaranga, kaleak alaituz. 07:30. Zezena, Done Jakue kalean. 08:30. Gaupaseroen argazkia, plaza Nagusian. Jarraian, gosaria. 09:00. Suziri eta danbatekoen bidez, 2016ko herri jaien amaiera. [flickr_set id="72157671010683642"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide