Naike Diez Etxerateko kidea adierazpenak egiten Loiolan. (Etxerat)
Urteroko legez, Etxerat elkarteak deituta, euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek Arrupe hotelaren aurrean, Loiolan. Izan ere, San Inazio bigarrenez meza izaten da Loiolako basilikan eta hainbat ordezkari politiko izaten dira bertan. Gaur ere bertaratu dira, eta han izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea.
Urtero deitzen du kontzentrazioa Etxeratek San Inazio bigarrenez, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hartu izan ditu presoen senideak eta lagunak. Aurten, baina, ez die harrerarik egin Urkulluk, eta Etxeratek salatu egin du lehendakariak izandako jarrera. Naike Diezek hartu du hitza Etxeraten izenean, eta hark esan du "oso larria" dela gertatutakoa: "EAJren posizionamenduaz galdegin behar genion lehendakariari baina ez gaitu jaso. Oso larria da hori". Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea joan da Etxerateko kideengana, eta haiekin hitz egiten aritu da. Etxerateko kideak Dispertsioaren haurrak txostena ematekoak ziren Urkulluri, euskal presoen sakabanaketak haur eta nerabeengan duen eraginari buruzko lana.