Emakumeen eta gizonen pilota partidak jokatuko dituzte Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, igandean eta astelehenean. Joan den urtean bezala, Ilunpe pilota elkarteak antolatu ditu jaialdiak, udalaren babesarekin. Emakumeen partida antolatzen duten lehen aldia da aurtengoa.
Igandean, 22:30ean hasita, bi partida jokatuko dituzte gizonek, eta Daniel Murgiondo pilotari azpeitiarra ere lehiatuko da. Lehen neurketa honakoen artean izango da: Mendizabal III.a eta Murgiondo arituko dira Ugalde eta Imazen aurka. Partida nagusian, Irribarria eta Rezustak jokatuko dute Olaizola II.a eta Albisuren aurka. Gaur eta igandean bertan eros daitezke sarrerak. Gaur, 18:00etatik 21:00etara, Izarraitzeko leihatilan; igandean, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 20:00etatik aurrera. Bestalde, aukera egongo da sarrerak erreserbatzeko ere. Horretarako, honako telefono zenbakira deitu behar da: 660 50 66 80 (Joanes Otamendi).
Astelehenean, emakumeen partidak jokatuko dituzte, 19:00etatik aurrera, Frontoi Txikian. Lehendabizi, Alaitz Badiola eta Ainitze Labaien, Maite Iriarte eta Alazne Inziarteren kontra arituko dira. Ondoren, Olaia Bikendi eta Patri Espinar, Eneritz Arrieta eta Miriam Arrillagaren kontra izango dira.
Emakume eta herritarrak
Estitxu Elduaien Kirol zinegotziak azaldu du "emakumeen eta herritarren alde" egin dutela aurten apustua. Hori dela-eta, gizonen partidetan jokatuko du Ilunpeko Murgiondok, eta emakumeenean, Azpeitiko Badiolak eta Iriartek zein Azkoitiko Bikendik eta Arrietak.