Negoziazio gelara bisita

Urola Kostako Hitza 2016ko uztailaren 26a

Duela hamar urte Batasunaren, EAJren eta PSE-EEren elkarrizketa politikoak izandako lekura itzuli da Arnaldo Otegi: Loiolako Arrupe etxera. Lekuko izan da 'Berria'.

https://www.youtube.com/watch?v=wnWEYkZfNtI Orain hamar urte Loiolako elkarrizketetan eman zieten "maitasuna" eskertzeko, Arnaldo Otegik bazuen hango Arrupe etxeko mojak agurtzeko gogoa, eta agurtu ditu: joan den ostiralean, hantxe; BERRIA lekuko. Pozik hartu zuten detailea Maritxu eta Marianjeles Azkune ahizpa mojek. Negoziazio gelara sartu zen ondoren Otegi, eta galdutako aukeraz aritu zen. Bateragune auzian preso (2009-2016) zeukatela hitzeman zuen, Argien aroa liburuan (Fermin Munarriz, Gara, 2012), kartzelatik irtetean itzuliko zela hara, bisita bat egitera. 2006ko udazkenean Batasunaren, EAJren eta PSE-EEren puntako ordezkaritzak bildu ziren Azpeitian (Gipuzkoa), Arrupe gogo-jardunetarako komentuan —jesuitena da—, euskal gatazka politikoa konponbidean jartzeko asmoz. Ez zuten lortu akordio bat sinatzerik, gertu egon arren. Loiolako eta Genevako 2007ko saioen hausturaren ondotik berehala sartu zuten espetxean Otegi, ia hamabost hilabeterako, 2003an Jose Miguel Beñaran Argala ETAko buruzagi izandakoaren omenaldian "terrorismoari gorazarre" egin ziola egotzita. Donostiako Martutenen egon zen preso, eta handik igorri zien moja haiei lehen mezua, Loiolako hegiak liburuan (Imanol Murua Uria, Elkar-BERRIA, 2010) jasota dagoenez: kartzelara bisitara sarri joaten zen beste moja bati eman zion Arrupeko bi ahizpentzako eskumuinak emateko enkargua. Bigarren mezua, duela lau urte, Logroñoko espetxetik (Espainia). Aurtengo martxoaren 1ean irten zen libre, eta ostiralean egon zen berriro Arrupen; hamar urtera. 36ko gerrari buruzko ekitaldi bat baliatu zuen bueltatzeko: abuztuan 80 urte beteko dira Loiolan Azpeitiko komandantzia sortu zutela —Eusko Gudarostearen sorburua izan zen—, eta ostiral arratseko omenaldira joatea erabaki zuen. "Izan zirelako gara", idatzi zuen gero txio batean, ekitaldiko bideo batekin lagunduta. "Eusko Gudarostearen 80. urtemuga. Gora eusko gudariak! Herri hau bizirik dago. #independentzia", jarri zuen beste txio batean. Ekitaldi hasieran eta bukaeran lagun andana joan zitzaion agurtzera. Arrupeko sarreran eta atarian izan zen omenaldia, eta, gero, jendea eraikinaren atzealdeko mokadura zihoala egon zen Azkune mojekin, biak han ondoko Gogartetxetik espresuki atera zirenean. 2006ko elkarrizketa politikoen gelara sartu zen ondoren Otegi, kazeta honen proposamenari baiezkoa emanda. Irailaren 20tik azaroaren 15era hamabi aldiz batzartu ziren han, sekretupean bildu ere; alboko ate batetik sartzen ziren Arrupera, inork ez ikusteko moduan. Jarraitu irakurtzen, Berria.eus-en.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide