Euskal Herriko Herriarteko lehiako txapeldunordea da Azpeitia

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko uztailaren 23a

1 eta 2 galdu dute Ilunpe pilota elkarteko mutilek herriarteko txapelketako finala gaur, larunbata, Zarauzko Aritzabatalde pilotalekuan.

(E. Albizu Lizaso) Euskal Herriko Herriarteko pilota lehiaketako finala galdu du gaur Azpeitiak, Donezteberen (Nafarroa) mesedetan. 1 eta 2 galdu dute Ilunpe pilota elkarteko mutilek, Aritzbatalde pilotalekuan. Lehen partida, kadeteena, bereganatu dute azpeitiarrek, eta porrot egin dute ondorengo bietan. Horrenbestez, ezin izan diote eutsi joan den urtean lortutako tituluari, eta nafarrek jantzi dute 2016ko txapela. Gorka Iriarte eta Julen Egiguren kadeteek jokatu dute lehen partida, eta 22 eta 18 irabazi dute. Hasieran, oso erraz hasi dira lanean, 10 eta 0 izan dira azpeitiarrak aurretik. Dena den, neurketak aurrera egin ahala, zaildu egin zaie kontua, eta oso gogorra izan da partida kirolarientzat nahiz zaleentzat. Bigarren nuerketa, jubenilena, Jon Alberdik eta Mikel Unanuek jokatu dute, eta 8 eta 22 galdu dute. Ondo hasi dira azpeitiarrak, baina bikote orekatuagoa eta osatuagoa zuten nafarrek, eta nahikoa erraz irabazi dute partida. Beraz, hirugarren neurketan erabaki da guztia: 10 eta 22 galdu dute Markel Etxanizek eta Daniel Murgiondok. Markagailuak hala islatzen ez badu ere, partida berdindua eta gogorra izan da. Azkenean, ordea, nafarrek bere egin dute lehia. Doneztebekoek laugarren herriarteko txapela eraman dute Nafarrora gaurkoan, eta txapeldunorde tituluarekin gelditu dira azpeitiarrak. Dena den, tronpeta, dunbal, oihu eta txalo artean eskertu diete zaleek beraien lana, partidan zehar eta haiek bukatzean. [flickr_set id="72157671443686785"]    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide