Eusko Gudarosteko Azpeitiko komandantzia Loiolan eratu zutela
80 urte beteko dira abuztuaren 5aren eta 8aren artean, eta orduko gudariei, hildakoei eta haien senideei omenaldia egin diete Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak gaur, ostirala, Arrupe hotelean.
1936ko abuztuan eratu zuten Gudarostea, Kandido Saseta komandantea buru zela. Espainiako Gerra Zibila zela-eta, altxamendu faxistaren aurkako erresistentzia moduan eratu zuten komandantzia EAJk, EAE-ANVk, Jagi-Jagik, ELA-STVk eta Euskal Nekazarien Batzarrak. Gaurko ekitaldian Gudarostean hildako Joxe Joaquin Egaña (EAJ) azkoitiarraren, Bidanian hil zen Mikel Alberdiren (Jagi-jagi), Floren Zubiaurren (ELA-STV), Joxe Aranaren (ANV) eta Kandido Sasetaren senideak omendu dituzte.
Ekitaldia hasterako leporaino beteta zegoen Arrupe hotelaren ataria. Han ziren, besteak beste, gudarien senideak, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta udaleko EH Bilduko eta EAJko zinegotziak, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, EH Bilduko eta EAJko ordezkariak, ELAko kideak, inguruko herrietako alkate eta zinegotziak eta Arnaldo Otegi EH Bilduren lehendakarigaia.
19:15ak pasatxoan hasi da ekitaldia, eta Eneritz Albizu kazetariaren sarreratxoaren eta bideoaren ostean, hildako gudarien senideek-eta hartu dute hitza, hildako gudari gazte haien testigantzak eskaintzeko. Aurrena, Joxe Joaquin Egañaren ilobak hitz egin du, eta bere osabaren soslaia eta haren izana goraipatu ditu. Haren ondoren, Kataluniatik etorri den Mikel Alberdiren biloba Nuria Alberdik hitz egin du, eta aitonaren zertzelada batzuk azaldu ditu jendaurrean. Segidan, ELAko Amagoia Unanuek Floren Zubiaurren inguruan hitz egin du, eta Joxe Arana zenaren iloba Joxe Aranaren gutuna irakurri du Estitxu Elduaien Azpeitiko udaleko zinegotziak. Azkenik, Kandido Sasetaren iloba Arantxa Sasetak hartu du hitza. Haiek guztiek, kandela bana piztu dute hitzartzearen ostean.
Musikarik ez da falta izan ekitaldian; izan ere, Eneko Arbeo soinujoleak eta Jon Gurrutxaga bertsolariak bertso sorta bat eskaini diete ekitaldira bertaratutakoei. Haien ondoren, berriz, Olatz Pratek Ken Zazpi musika taldearen
Zapalduen olerkia abestu du, Josu Garatek gitarraz lagunduta.
Ekitaldiaren bukaeran hitza hartu du Javi Buces Aranzadiko historialariak eta Eusko Gudarostearen inguruko ikerketa lana egiten ari denak. Bucesek esan duenez, Eusko Gudarostearen inguruko ikerketa egiten ari dira, eta udazkenerako-edo horren inguruko liburu bat argitaratuko dute. Bucesek Eusko Gudarostean hildakoen "duintasuna" goraipatu du: "Aranzadirentzat garrantzitsuena da gazte boluntario haiek nortzuk ziren eta zer gertatu zitzaien ezagutzea da. Borroketako istorioak ere interesatzen zaizkigu, noski, baina, batez ere, faxismoaren aurkako gerra galdu zuten haien duintasuna berreskuratu nahi dugu". Horrez gain, eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari memoria historikoarekin duen "konpromisoagatik", eta esan du udalak gertatutakoa ezagutzeko duen ilusioa eta konpromisoa "txalotzekoa" dela.
"Batu gaitezen, batu ditzagun indarrak"
Eneko Etxeberriak 1936an Azpeitiko alkate izan ziren Ciriaco Agirre eta Joxe Antonio Oiarzabal gogoan izan ditu hitza hartzean, eta esan du "garrantzia izugarria" duela omenaldiak berarentzat, "alkate abertzalea eta bi gudariren biloba" delako.
Eusko Gudarostea "Euskal Herriagatik, gure kulturagatik, gure hizkuntzagatik, gure sustraiengatik, bakoitza gu egiten gaituenagatik, baloreen defentsagatik, gure aberriagatik, demokraziagatik, askatasunagatik eta justizia sozialagatik" sortu zutela gogorazi du Etxeberriak. "Azken finean, euskal kausagatik antolatu zuten Gudarostea. Eta gurearen alde egin zutelako gaude hemen. Ez ziren gudari bortitzenak, ez zen Gudaroste modernoena, ez zituzten traje onenak, ez zituzten ereserki edo ikur politenak, ez ziren zintzoenak edo indartsuenak; soilik, gureak dira. Gureak direlako dira onenak. Senecak aspaldi esan zuen: 'Inork ez du maite aberria handiena delako, berea delako baizik'".
Etxeberriak etorkizunari begiratzeko deia egin du: "Inoiz ez da erraza izan gure kausa, gure herriaren kausa. Azkarrak izan behar dugu. Guk soilik irabaz dezakegu inteligentziaz eta batasunaz. Horregatik, etorkizuna zain dugulako, ikasi egin behar dugu galtzen, eta jakin behar dugu galtzeak irabazteko bideak ireki ditzakeela. Hemen galtzaileak daude, baina, aldi berean, duintasuna dago, eta duintasun horrek txinparta sortzen du, eta txinpartak sua egin dezake. Su hori gure herriaren sua da, euskaldun egiten gaituena, eta galerak oraindik eta herriago egin gaitzake. Aspalditik dakigu zer nahi dugun, eta geuregan fedea edukitzeko garaia da. Lan egin behar dugu, min ematen badigu ere. Iragana emozio bat da, baina gure herriaren biharrerako beharrezkoa da borroka eta lana egitea gaur. Gaur da beldurra eta gaua lurperatzeko eguna, eta bidea luzea eta zaila bada ere, ez dugu deskuidatzeko denborarik. Gutxi gara eta elkarrekin egin behar dugu. Batu gaitezen, batu ditzagun indarrak, bestela ez dugu ezer lortuko. Eta horregatik izango gara epaituak etorkizunean. Hori da sasetatarrei, egañatarrei, zubiaurtarrei, alberditarrei eta beste guztiei egin diezaiokegun omenaldi bakarra. Gure herriaren askatasunarekin dugun konpromisoa aurrera eramatea, oraindik beraien kausa gure kausa da-eta. Izan zirelako gaude hemen, eta hurrengoak izateko gaur landatu eta ura eman behar diogu gure lurrari, eta orduan, soilik orduan, izango gara".
Oroitarria, Loiolan
Ekitaldia bukatzean, haritza sartu dute Arrupe hotelaren aurreko zelaian. Gudarien senideek-eta landatu dute, eta, ondoren, Eusko Gudarostearen 80. urteurrenaren harira zelai horretan bertan jarritako oroitarria desestali du Kandido Sasetaren ilobak. Herritarrek, krabelin gorri eta zuriak eta larrosak jarri dituzte oroitarriaren gainean. Gainera, ikurriña handi bat igo du hark, herritarren
Eusko gudariak abesten zuten bitartean.
Hona hemen, ekitaldiaren argazki bilduma:
[flickr_set id="72157670633024582"]