Zapatutik aurrera hainbat aldaketa izango dira Azpeitiko autobus geltokietan. Aldaketa batzuk festa garairako soilik izango dira eta beste batzuk behin-behinekoak. Gainera, Loiolako autobus geltokiak tokiz aldatuko dituzte behin betiko. Geltoki aldaketa horiek egin dituzte Sanjuandegi eta Loiolako Inazio Hiribidearen arteko zubia eraikitzeko eta Salbe auzotik Loiolara doan bide zaharra oinezkotzeko lanak hasi dituztelako.
Azpeititik Azkoitira doazen autobusek Loiola klinikaren aurrean egingo dituzte geldialdiak. Aldiz, Azkoititik Azpeitirakoek Sanjuandegitik Azkoitirako autobusen geltokiaren ondoan egokitu duten geltokian egingo dituzte. Bestalde, Sanjuandegiko geltokiak, behin-behinean Esklabetako elizaren aurrera lekualdatuko dituzte.
Festen ondorioz, aldaketak
Santioak eta saninazioak direla-eta, uztailaren 23tik abuztuaren 4ra, Julian Elorza Hiribideko eta Burdinbidearen Euskal Museoaren ondoko geltokietatik ez da autobusik pasatuko. Egun horietan sahiesbidean, trenaren museoaren ondoko oinezkoentzako zubiaren ondoan, geldituko dira autobusak.