Urkijok helegitea jarri du Sorkuntza Bekaren kontra, euskara lehenesteagatik

Ana Abarisketa 2016ko uztailaren 21a

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren erabakia salatzeko eta euskal sorkuntza defendatzeko agerraldia egin zuten atzo Azpeitiko Udalak, Kultur Mahaiak eta sortzaileek.

Bekaren sustatzaileak eta sortzaileak, atzo, udaletxean. (Uztarria) Euskal kultura eta sortzaile euskaldunen eskubideak defendatzeko agerraldia egin zuten atzo Azpeitian. Izan ere, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok Sorkuntza Bekaren kontrako helegitea jarri du, hizkuntza irizpideak aintzat hartuta. Halere, beka hori jaso dutenek —bost kultur proiektu lagundu ditu diruz udalak—, beraien lanak egiten jarraituko dute, helegitea jartzeaz gain, kautelazko neurririk eskatu ez dutelako. Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean, martxoan aurkeztu zituzten bekaren oinarriak, eta handik aste gutxira jaso zuten EAEko ordezkariaren eskaera, oinarriak bidaltzeko aginduz. Udal ordezkariak, Kultur Mahaikoak eta Sorkuntza Beka jaso dutenak bildu ziren atzo udaletxean. Josu Labaka zinegotziaren iritziz, "hizkuntza erabili du Espainiako delegatuak euskal kulturaren aurka egiteko". "Beka honen oinarria eta funtsa euskal kultura eta euskal sortzaile berriei beraien proiektuak garatzeko baliabideak eskaintzea izan da hasieratik". Bide horretan, euskal hiztunei dagokionez Azpeitia Euskal Herriko arnasgune garrantzitsuenetarikoa dela gogorarazi zuen. Ainara Larrañaga zinegotziak, berriz, «"kanpo eraso" larritzat jo zuen helegitea.

Euskal kultura, plaza txikia

Maite Maiz Kultur Mahaiko lehendakariak euskal kultura sustatzeko duten "konpromisoa" nabarmendu zuen: "Euskal kulturaren plazan denok kabitzen gara, baina plaza txikia da, aukera gutxi ditugu ziurrenik nahi beste taularatzeko, eta horrek zailtzen du gure eginkizuna". Bekaren sustatzaileez gain, sortzaileek ere hartu zuten hitza. Esan zutenez, "gutxi" iraun die beka jasotzearen pozak. Halere, argi dute eginbeharra: "Beka jaso genuen guztion hautu irmoa da gure sorkuntza, gure hizkuntza naturalean, eguneroko hizkuntzan egitea: euskaraz sortzea". Hori dela eta, aurrera begira, beraien proiektuak garatzen jarraituko dutela jakinarazi zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide