Haiek oroitzeko, berriro Loiolan

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko uztailaren 21a

Loiolan izan zen, beste behin, gogoratzeko data hura. Duela 80 urte, 1936ko abuztuaren 5 eta 8 artean, Eusko Gudarostea eratu zuten Azpeitian, Kandido Saseta komandantearen agindupean. Espainiako Gerra Zibila zela-eta, altxamendu faxistaren aurkako erresistentzia gisa eratu zuten honako talde abertzaleek: EAJk, EAE-ANVk, Jagi-jagik, ELA-STVk eta Euskal Nekazarien Batzarrak. 1.279 gizon ziren gudarosteko kide; gehienak, gazte zibilak, prestaketa militarrik gabeak, eta Urola Kostakoak, Tolosaldekoak zein Deba bailarakoak. Espainiako tropen aurrean armak hartu zituen Eusko Gudarosteak, eta Gipuzkoako hainbat gunetan tropa frankistak garaitu zituen. Irailaren 20an gelditu zituzten frankistek Intxortan. Garai hartan ez zegoen euskal autolakunderik; ondoren, urrian, lehendakari kargua hartu zuen Jose Antonio Agirrek, eta Eusko Jaurlaritza eratu zuten. Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak omenaldia egingo diete bihar eusko gudariei eta haien senideei. 19:15ean izango da ekitaldia, Loiolako Arrupe hotelean. Besteak beste, honako gudariak hil ziren, eta ekitaldian haien senideak omenduko dituzte: Azkoitiko Joxe Joakin Egaña (EAJ), Mikel Alberdi (Jagi-jagi), Floren Zubiaur (ELA-STV) eta Joxe Arana (EAE-ANV). Ez da ekitaldiarekin bukatzen, ordea, Eusko Gudarostearen inguruko lanketa. Batailoiaren inguruko ikerketa egiten ari da Aranzadi, eta udazkenean argitaratuko dute liburua udalak eta zientzia elkarteak. Jabi Buces historialaria ari da azterketa egiten. Haren arabera, liburuarekin berreskuratu nahi dute faxismoaren aurkako gerra galdu zutenen "duintasuna". Bucesek azaldu duenez, Azpeitiko komandantziaren jarduna bukatu ostean, 300 lagunek beste batailoi batzuetan jarraitu zuten borrokan, 33 lagun hil ziren eta 150 pertsona espetxeratu eta gerra kontseiluetan epaitu zituzten. Horrez gain, dozenaka gudarik joan behar izan zuten erbestera, historialariaren lanaren arabera.

Historia eta pertsonak

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak ere "duintasuna" nabarmendu du. Azaldu du erakunde publikoek ardura dutela memoria "osotasunean" lantzeko, eta horretan ari direla, "iraganeko akatsak berriro egin ez ditzagun". Bestalde, esan du herritar guztiek dutela eskubidea herri honetan zer gertatu zen jakiteko. Pertsonak jarri ditu erdigunean Etxeberriak: "Azken finean, pertsonak dira batailoairen atzean daudenak, eta haiek zein haien familiek sufritu zuten, haiek egon ziren isilik eta bakarrik". Ondorio pertsonalak izan zituzten gudariek, alkatearen arabera; baina, halere, erabaki zuten "amore ez ematea". "Zer egin zuten?, zertarako?, gure historiaren zati bat berreskuratuko dugu", esan du. "Isilunea puskatzeko"?bidea da ikertzea. Izan ere, alkatearen hitzetan, ahaztu egiten dira gauzak, eta herriaren iraganaren berri ematea ona da Azpeitiarentzat zein azpeitiarrentzat: "Orain arte bertsio bakarra eman digute, eskuineko Azpeitia horrena, eta garrantzitsua da gudarostearen lana berreskuratzea zer izan ziren eta zer garen ulertzeko. Historia ezagutzeak azpeitiarrago egiten gaitu". Historia horretako protagonista izan ziren gudarien senideak Loiolan izango dira bihar, arbasoen ordezkari gisa. Haietako batzuekin solasean aritu da HITZA, oroitzapenez eta sentipenez.

Jose Joaquin Egaña

Jose Joaquin Egañaren iloba
"Guk beti bat egin izan dugu osabaren kausarekin" Jose Joaquin Egaña azkoitiarra da Eusko Gudarostean hildako lehen EAJko gudaria.1936ko irailaren 2an hil zen, Santa Marina ermitan izandako borroka batean, garai hartako egunkarien arabera. Egaña bizi zen baserri berean jaio zen Jose Joaquin Egaña iloba. "Gure aita zenaren anaia zen gudaria, eta hura hil ostean jaiotako lehen senide gizona ni izan nintzen: horregatik jarri zidaten Joaquin izena niri ere", azaldu du. Egañaren arabera, aitak asko hitz egiten zuen anaiaz, eta beti esaten zuen "oso gizon goxoa" zela. "Gaztetan ez diozu garrantzia gehiegi ematen gauza horiei;?hala ere, guk beti bat egin izan dugu gure osabaren kausarekin, abertzaleak gara", azaldu du. Eusko Gudarostearen urteurrena eta biharko ekitaldia dela-eta, "oroitzen" hasi dira egañatarrak berriro. "Istorio horiek ahaztuta genituen dagoeneko, eta polita da berriro gogora ekartzea, gure seme-alabek eta ondorengoek ere izan dezaten osabaren eta hark egin zituenen berri", adierazi du. Aranzadi zientzia elkarteak oroitzapenak "freskatzen" lagundu diela esan du Egañak, garai hartako egunkariak eraman dizkiete eta Azkoitian eginiko liburu bat ere helarazi diete. "Duela 47 edo 48 urte, ezkonberritan, izan ginen bera hilobiratu zuten lekuan, Larraulen (Gipuzkoa), senide guztiak; baina ez dugu beti gogoan izaten gaia", azaldu du azkoitiarrak. Ekitaldira joateko gogoarekin daude; izan ere, uste dute "osaba zenaren irudia mantentzeko" modu bat izango dela.

Arantxa Saseta

Kandido Sasetaren iloba
"Historia ezkutatu izan da, eta gu ere erresistentziaren zati izan gara" Kandido Saseta hondarribiarra Eusko Gudarosteko komandantea izan zen. Prestaketa militarra zuen kide bakarretakoa zen, eta gako zein arima izan zen batailoian. Asturiasen (Espainia) hil zuten 1937ko otsailaren 23an. 2008an aurkitu zuten haren gorpua, beste hainbat gudarirenekin batera. Arantxa Saseta Kandido Sasetaren iloba da. Haren aitaren anaia zen Kandido, eta hark "adorazioz" hitz egiten zion osabaz. Aitaren bizipen guztiak jaso ditu Arantxak. "Gure aitak edozer egingo zukeen anaiagatik, miretsi egiten zuen, eta hori transmititu dit niri. Kandido ezagutu ere egin gabe, beti izan diot errespetua eta beti maite izan dut", azaldu du. Komandantea hil eta hamar urtera jaio zen Arantxa Saseta, baina bizitza osoan izan du presente osabaren irudia: "Bihotz handiko pertsona zen, oso humanoa, erlijiosoa eta kontzientzia handikoa, bere familia guztia bezala. Ez naiz harritzen gudariek hura jarraitu izana". Arantxaren aita ere gudarosteko kidea izan zen, eta hiru urte igaro zituen kartzelan, heriotza zigorrarekin. 11 urte zituenetik kontatu izan dizkio aitak osabaren istorioak: "Ama etxean gelditzen zen ahizpa txikiarekin, eta aitak mendira eramaten ninduen Kandidoz hitz egitera eta batailoien kokapenak azaltzera. Aita eta biok konplizeak izan gara beti, eta osabak izan du zerikusia horretan", adierazi du. "Erresistentzia" hitza Eusko Gudarostea deskribitzeko onena dela uste du Sasetak. Batetik, gudariek horixe egin zutelako; baina, bestetik, haien ondorengoek erresistitu egin behar izan dutelako, isiltasunaren mesedetan: "Gu ez ginen honetaz libreki hitz egiten hasi duela hamar urtera arte. Historia ezkutatu izan da urte askoan, eta orain ilusio handia egiten dit isiltasuna eteteak, gu ere erresistentziako zati izan baikara". Familiaz gain, herritarrei historia eskaintzea ere "oso garrantzitsua" dela esan du. Eskerrak eman dizkio Sasetak Aranzadiri, egiten ari den lanarengatik. "Auskalo zenbat bidaia egin genituen Asturiasera (Espainia), eta ez genuen lortu ezer, dena zalantza eta ezjakintasuna zen. Aranzadik lagundu digu osaba aurkitzen, eta hori ezin da inola ere eskertu", azaldu du. Biharko ekitaldirako gogoz dagoela dio: "Beti parte hartzen dut horrelako ospakizunetan, eta disfrutatu egiten dut jendearekin hizketan eta oroitzapenak konpartitzen".

Nuria Alberdi

Mikel Alberdiren biloba
"Beharrezkoa da historia ezagutzea, bere argi-ilunekin"BIDANIA Mikel Alberdi Pinotxo Azpeitiko komandantziako lehen hildakoa izan zen, Jagi-jagi talde independentistakoa. Madrilen jaio zen Alberdi, baina Tolosan (Gipuzkoa) bizi zen. Bidanian (Gipuzkoa) hil zuten, eraso batean. Euskal Herriko hainbat familiren ispilu zen alberditarrena: aita Tolosako alkatea zen, karlista ustez; Mikel abertzalea eta anaia, berriz, komunista. Nuria Alberdi da Mikel Alberdiren bilobetako bat, eta amonarengandik jaso du, batik bat, aitonaren berri. "Politikoki, ez genuen asko hitz egin aitonaz. Amonak gehiago hitz egin zidan beraien maitasunaz eta bere izaeraz", azaldu du. Alberdiren arabera, amonak kontatu zion "argia eta izaera gogorrekoa" zela Mikel; bestalde, "itxuraz ederra, elegantea eta beti ondo jantzita ibiltzen zen gizona" zela dio. "Oso erlijiosoa" zen, eta egunero joaten zen elizara, urtean egun batean izan ezik: uztailaren 25ean, Santiago espainiarren patroiaren egunean. Amona hil ostean, aiton-amonen gutunak berreskuratu zituen Alberdik, eta haiengandik ere ezagutu zuen aitona: "Lehen gutunak gaztelaniaz zeuden, gure aitonak, hasieran, ez zekielako euskaraz; ondorengoak, euskaraz daude, amonarekin hasi ostean ikasi baitzuen". Nahikoa "maitasun zaila" izan zuten, Mikel Alberdiren familia ikasketaduna zelako, eta amona, berriz, baserritarra, sozialki beste maila batekoa: "Gure amonarentzat gogorra izan zen istorioa; izan ere, asko kostatu zitzaien batera egotea, eta ezkondu eta urtebetera hil zen aitona. Amona bakarrik gelditu zen baserrian, gerra bete-betean, hiru hilabeteko haurrarekin". Ondoren, semea koskortu zenean, Kataluniara joan ziren biak, eta han bizi da Nuria, familiarekin. Nuriaren hitzetan, aitak nekatuta bukatu zuen Euskal Herriko politikarekin, eta "munduko hiritar"?bezala ikusten zuen bere burua. "Guk beste modu batera bizi izan dugu, distantziarekin;?horregatik, niri ilusioa sortzen dit biharko ekitaldira joateak", adierazi du. Uste du "beharrezkoa"?dela historia jakitea, "argi-ilunekin". "Memorian gordetzen dira gure sustraiak, eta horregatik berreskuratu behar da", azaldu du. Halako milioika istorio daude Eusko Gudarostearen eta bertako gudarien atzean; bizitakoak, eta hil ondoren utzitakoak. Haiek izango dituzte gogoan bihar, berriro ere Loiolan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide