Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sanagustin kulturguneak bost urte beteko ditu ostiralean, eta bihar egingo dute urteurren ospakizuna, herritarrekin batera. 19:00etan da hitzordua.
Sanagustin kulturguneak bost urte beteko ditu ostiralean, eta bihar egingo dute urteurren ospakizuna, herritarrekin batera. 19:00etan da hitzordua, eta orain arteko ibilbideari errepasoa egin zein aurrera begira dituzten erronken berri emango dute kulturgunean bertan. Horrez gain, kooperatibaren irudi berria aurkeztuko dute, eta mokadutxoa izango da jarraian, joandako guztientzat. Bertan Agustin Jimenez azpeitiarrak jardungo du urdaiazpikoa zuzenean mozten.
Azpeitiko Kultur Mahaiak sortu zuen Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkartea, "euskal kultura sustatzeko, herriko eta Euskal Herriko sorkuntza uztartuz". Aurrera begira, "hazten eta aldatzen" jarraitu nahi dute, herritarrekin batera, "elkarlanean jarraituz". Horregatik emango dute biharko ekitaldian beraien aurreikuspenen berri: "Izenez eta irudiz aldatuko dugu, berdinak izaten jarraitu-ko badugu ere; hazten jarraitu nahi dugulako, zuekin eta zuentzat".
"Modu batera edo bestera bidelagun izan" diren guztiak gonbidatu nahi dituzte biharko ospakizunera Sanagustin kooperatibako kideek.