Udalak herritarren eskura jarri ditu Imanol Eliasen eta Jon Bilbaoren funts bibliografikoak

Uztarria.Eus 2016ko uztailaren 20a

Guztira, 7.000 liburu inguru jaso dituzte Udal Liburutegian, eta herritarren eskura izango dira aurrerantzean. Liburuak "denbora makinak" direla esan dute, eta horien "balio kuantitatiboaz harago, liburuen balio kualitatiboa" nabarmendu dute.

(Maialen Etxaniz) Imanol Eliasen eta Jon Bilbaoren funts bibliografikoak Udal Liburutegian jaso ditu Azpeitiko Udalak, eta edonoren eskura izango dira aurrerantzean. Guztira 7.000 liburu inguru bildu dituzte bi liburutegietan banatuta. Atzo, asteartea, egin zuten funtsen aurkezpena Udal Liburutegian. Imanol Eliasen funts bibliografikoan historialari azpeitiarrak urteetan zehar idatzi eta bildu zituen 2.000 inguru liburu eta dokumentu jaso dituzte. Horiek Udalaren eskutan jarri zituen Imanol Elias zenaren alargun Itziar Oiarzabalek iaz. Eneko Etxeberria alkateak eskerrak eman zizkion Oiarzabali dokumentuak herritarren eskura uzteagatik: "Gure herriaren alde egin zuen lan Imanol Eliasek arlo ezberdinetan, izan antzerkian, izan artikuluak edo liburuak idazten. Bere lan guztia idatziz utzi zuen, eta ondorioz etorkizunerako jasota utzi zuen. Eskerrak ematea besterik ez dugu, baita Itziar Oiarzabali ere, dokumentu guztiak Udalaren esku uzteagatik". Itziar Oiarzabal Imanol Eliasen alargunak idatzitako gutuna irakurri zuen Josu Labakak, eta gogoan izan zuten historialari azpeitiarra. Albistea osorik, Uztarria.eus-en.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide