"Dinamismo handiagoa" eskatu dio Azpeitiko EAJk udal goberuari

Urola Kostako Hitza 2016ko uztailaren 19a

Udal gobernu berriaren lehen urteko balorazioa egin dute jeltzaleek, eta antolaketa, ekonomia-sustapena, elkarlana edo kultura aipatu ditu Aitor Gorrotxategi bozeramaileak.

Azpeitiko EAJk udal gobernuaren lehen urteko balorazioa egin du, eta "dinamismo handiagoa" eskatu dio EH Bilduri. Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramailearen arabera, koalizioaren sei liberatutako zinegotziak ez dira ari proiektu konkretuak gauzatzen. Adibide gisa jarri du hondakinen bilketako sistema berriaren hasiera 2017a arte luzatu izana, "2013an aho batez hartutako erabakia izan zenean". Beraien aldetik, esan du "elkarlanean aritzeko borondatea" erakutsi dutela urte honetan: "Udal aurrekontua bera perfilatu eta hobetzeko, batzordeetan aritzeko eta ekarpenak egiteko". Udalean zein mankomunitatean erakutsi dute jarrera hori, bozeramailearen arabera, eta bere hitzetan, horren adibide da udal aurrekontuetan "kontrako jarrerarik" agertu ez izana. Bestalde, Gorrotxategik nabarmendu du ekonomia sustapenerako ekimenei dagokionez, urteroko ekintzei eutsi zaiela, eta ez direla "gai izan plan estrategikoa osatzeko, eragileekin akordioak lortzeko eta inbertsio berriak erakartzeko". Horrez gain, lana egiteko modua ere aipatu du, eta batordeen bileretarako "egutegi zehatza" eskatu du EAJkoak: "Ezin da zain egon zinegotzi arduradunari gaien poltsak gainezka egiten dion arte". Soreasu ere izan du hizpide bozeramaile jeltzaleak, eta haren aldeko "apustua" egiteko beharra nabarmendu du, "talde desberdinentzako gunea eta erreferentziazko kultul-zentroa" izan dadin. Kirol parke bat ere eskatu du Gorrotxategik, eta festei dagokionez esan du "inklusiboak" izan behar dutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide