Uztailaren 25ean (astelehena), Santio Egunez, 18:30ean, izango da aurtengo Errekortarien saioa Azpeitiko zezen plazan, Toropasion enpresak eta Zezen Beltz Azpeitiko elkarteak antolatuta, eta Azpeitiko Udalak lagunduta. Uneko hamabi errekortari onenak ariko dira, Toropasion finkako sei zezenekin. "Errekortarien txapelketak ikusmin handia pizten du eta une zirraragarriak sortu izan ditu azkeneko urteetan Azpeitiko zezen plazan; urtero bete egiten da", azaldu dute Zezen Beltzekoek.
Hamabi errekortariak lau laguneko hiru multzotan banatuko dira aurrena; talde bakoitzak zezen batekin jardungo du. Talde bakoitzeko bi onenak pasatuko dira ondorengo fasera. Bigarren fasean, hiru errekortariz osatutako bi talde ariko dira, eta talde bakoitzak zezen bana izango du. Bukatzeko, talde bakoitzeko onenek, buruz buruko finala jokatuko dute zezen baten aurrean.
Parte-hartzaileek errekortea gutxienez behin egin beharko dute, hori baita lehiaketa mota honen funtsa. Baldintza hori bete behar dute, beraz, eta, horrez gain, nahi adina errekorte edo jauzi egin ditzakete.
Errekortari saioko sei zezenak Toropasion finkakoak izango dira. "Guztiak ere planta ederrekoak, eta halako saioetan jokoa ematen dutenak. Haien artean Conde Cabral eta Manuel Agostinho Pontes Dias ganadutegiko zezenak plazaratuko dituzte", esan dute zezenez antolatzaileek.
Maila handiko errekortariak
Errekorteko "momentuko espezialistarik onenak" ariko direla esan dute Zezen Beltz elkartekoek: "Besteak beste, Jonatan Estebanez
Peta –errekortarietan bi aldiz Espainiako txapeldun izandakoa–, Eusebio Sacristan Use –
corte puro ligako txapelduna 2015ean–, Dany Alonso –Espainiako txapelduna 2014an–, Juan Nieto –2014an Azpeitian bigarren–, Alberto Cozar –iaz Espainiako txapelduna–, edo
Azpeitiko azken bi saioen irabazle Paquito Murillo".
Pedro Miguel Carolino portugaldarrak debuta egingo du Azpeitian. "Haren maisutasunak ikusmin handia sortu du zirkuituan, Madril edo Zaragoza bezalako plaza garrantzitsuetan zaleak ezustean harrapatuz. Gazte hark aurkari gogorrak izango ditu Saul Rivera, David Ramirez
Peque beteranoa edo Sergio Valle gasteiztarra".
Azpeitian ariko diren errekortariak:
- Jonatan Estebanez Peta (Arganda del Rey, Madril, Espainia).
- Sergio Valle (Gasteiz, Euskal Herria).
- Alberto Cozar (Yeste, Albacete, Espainia).
- David Ramirez Peque (Arganda del Rey, Madril, Espainia).
- Dany Alonso (Vezdemarban, Zamora, Espainia).
- Pedro Miguel Carolino (Vila Franca de Xira, Portugal).
- Saul Rivera (Peñausende, Zamora, Espainia).
- Paquito Murillo (Humanes, Madril, Espainia).
- Eusebio Sacristan Use (La Seca, Valladolid, Espainia).
- Juan Nieto (Museros, Valentzia, Herrialde Katalanak).
- Jose Manuel Gonzalez Nieto (Vall de Uxo, Castello, Herrialde Katalanak).
- Cristian Blanco (Vall de Uxo, Castello, Herrialde Katalanak).
Errekortarien saiorako sarrerak
Uztailaren 25eko ikuskizunerako sarrerak salgai daude: Azpeitiko udaletxe azpian sarrera numeratuak (18:30etik 20:30era ostegunean ostiralean eta igandean, eta astelehenean 11:00etatik 14:00etara), eta numeratu gabeak Azpeitiko Pastorkua, Harzubia, Jim Clark, Juantxo Txiki, Eguzkitza, Kantoi, Iraurgi SB, Azpeitia, Ametsa eta Etxe Zuri tabernetan, eta Azkoitian, Elurren.
Egunean bertan zezen plazako leihatilan sarrerak erosteko aukera egongo da, 17:00etatik aurrera. Hala ere, antolatzaileek aurrez erosteko gomendatu dute.
Sarreren prezioa honakoa da:
- Numeratuak: barrera, grada lehen ilara eta palkoa lehen ilara 20 euro; palkoa orokorra, berriz, 18 euro.
- Numeratu gabeak: 0-4 urte artekoak doan; 5-14 urte artekoak 10 euro; eta, 15 urtetik aurrekoak 15 euro.