Eman daiteke izena saninazioetako IX. Bakailao Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2016ko uztailaren 18a

Hilaren 28an bukatuko da izena emateko epea. Gehienez, 40 taldek hartuko dute parte txapelketan, eta aurtengo edizioan ere "parte hartze handia" espero dutela esan dute.

Abuztuaren 1ean Marea Arroxak antolatuta egingo den IX. Bakailao Txapelketan parte hartzeko izen-emate epea zabalik da dagoeneko. Joan den astean aurkeztu zuten txapelketa Zulo-Zabal soziedadean; izan ere, elkarte horretako kideek irabazi zuten iazko txapelketa. Uztailaren 28ra bitartean eman ahal izango da izena, bai norbanako moduan edo bai elkarte gisa. Izena emateko 943 15 70 68 edo 688 89 37 32 telefonoetara deitu behar da. Gehienez, 40 taldek hartuko dute parte txapelketan, eta aurtengo edizioan ere "parte hartze handia" espero dutela esan dute. "Aurtengo edizioan ere parte hartze handia espero" dutela adierazi dute Marea Arroxako kideek, eta herritar guztiak txapelketan parte hartzera deitu nahi dituzte. Sukaldari profesionalek ezingo dute parte hartu, baina "egunero sukaldean lanean aritzen diren emakume eta gizon horiei guztiei" egin diete dei Matea Arroxako kideek, "festa giroan beren abileziak plazaratzeko". Abuztuaren 1ean, 11:00etan hasiko da txapelketa, baina sukaldariek 10:45erako egon beharko dute plazan. Festa batzordeak bakailaoa, baratxuria eta olioa emango dizkie parte-hartzaile guztiei. Gainerakoan, sukaldariek beste osagairen bat erabili nahi badute, beraiek eraman beharko dutela azaldu dute Marea Arroxako kideek. Suak eta mahaiak plazan bertan egongo dira, eta ontziak-eta parte-hartzaileek eraman beharko dituzte. Talde bakoitza bi minutuko tartearekin hasiko da bakailaoa prestatzen, eta 40 minutu izango dituzte kilo bat bakailao pil-pil erara prestatzeko. Epaimahaia sukaldari profesionalek, herritarrek eta gonbidatu bereziek osatuko dute eta haiek erabakiko dute IX. Bakailao Txapelketako platerik onena. Epaimahaiak, erabakia hartzerakoan, kontuan izango ditu "aurkezpena, saltsa eta zaporea". Irabazleak txapela eta Kiruri jatetxean lau lagunentzat otordua eskuratuko ditu. Bigarrenak, berriz, kriantza ardo boteila bat eta bi txuleta. Eta hirugarrenak Sagasti-Zahar jatetxean bi lagunentzako otordua eskuratuko du. Elkarte irabazleak Bakailao Txapelketako goilare erraldoia irabaziko du. Txapelketa bukatzean, bakailaoa dastatzeko aukera izango da. Izan ere, 200 lagunentzat bazkaria izango da Berdura Plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide