(E. Albizu Lizaso)
"Inoiz baino festa luzeagoak" ospatuko dituzte aurtengoan azpeitiarrek, Eneko Etxeberria alkatearen arabera. Atzo aurkeztu zuten santioetako eta saninazioetako egitaraua udalak eta Haujijijai! festa batzordeak, herritar eta eragileen laguntzarekin. "Saninazioak ez dira udalaren festak, herritik datozenak dira", nabarmendu zuen agerraldian Etxeberriak, eta adierazi zuen egitaraua "elkarlanean" antolatu dutela. Datozen egunetan banatuko dute festetako programa etxez etxe.
Udal ordezkariek esan zuten "denentzako" moduko jaiak egin dituztela: "Gazte, heldu, azpeitiar eta bisitari". Bestalde, emakumeen aurkako erasoek gaitsezten dituztela adierazi zuten: "Argi esaten dugu ez dugula onartuko eraso sexistarik". Gauza bera nabarmendu zuen Haujijijai!-k ere: "Erasoen aurrean, erantzun egingo dugu". Festa batzordeak gogorarazi du balore batzuen baitan osatu dutela egitarau herrikoia: "Festa euskaldunak, parekideak eta parte-hartzaileak nahi ditugu". Horrez gain, urtero legez, herrian falta direnak gogoan izango dituzte, eta zero zaborren filosofiari jarraituko diote.
Uztailaren 30ean, San Inazio bezperan, Udal Musika Bandak eta Antxieta Arkeologia taldeak botako dute txupinazoa. Lehenak 150 urte bete ditu; eta 50 urte, berriz, arkeologia taldeak.