Sortzaileentzat gune eta topaleku bihurtu nahi dute Soreasu eraikina

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko uztailaren 15a

Azpeitiko Kultur Mahaia ari da proiektua garatzen, herriko eragileekin eta sortzaileekin batera. Bost gunetan banatuko dute eraikina, eta lehen solairua hartuko dute oraingoz.

50 lagun inguru izan ziren Soreasuren inguruko aurkezpen irekian, asteazkenean. (Azpeitiko Udala) Soreasu edukiz betetzeko prozesua abiatu zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak 2013an, eta orain arte eginiko ibilbidea aurkeztu dute. "Sormen gune" bezala deskribitzen du eraikina eta haren izaera Azpeitiko Kultur Mahaiak, eta dagoeneko hezurdura egin diote, nahiz eta udazkena artean jarraituko duten proiektua fintzen. Eragile eta norbanakoekin elkarlanean marraztu dute jarraibidea, baina "ez da erabat itxita dagoen prozesua", Maite Maiz Kultur Mahaiko lehendakariaren arabera. Kultur Mahaiko ordezkariek eta teknikariek azaldutakoaren arabera, lau gune nagusi izango ditu Soreasuk: arte eszenikoena, hitzarena, irudiarena eta soinuarena. Horrez gain, transmisioaren eta komunikazioaren beste txoko bat gehituko diote, "zeharlerrotasunez" funtzionatuko duena. Izan ere, eremu guztietan landu beharreko puntuak dira transmisioa eta komunikazioa, Kultur Mahaiaren arabera. Fisikoki, aurreikusi dute, hasteko, lehen solairua erabiltzea. Eraikinaren ezaugarrien arabera banatu dituzte lekuak. Esate baterako, arte eszenikoentzat zutoinik gabeko eremu bat hautatu dute; irudiaren gunearentzat, argi askoko lekua; eta soinuarentzat, Udal Musika Bandaren gaineko tokia. Eremuen espazioez gain, erabilera anitzeko gela bat jarriko dute: "Irekia, zabala eta altua, edozer egoeratara moldatzeko modukoa". Bestalde, behe-solairuan, harrera edo informazio puntu "erreferentziala" jarriko dute. Antolaketa horrek prozesuan zehar jasotako eskaerei erantzuten die, kultur mahaiko ordezkarien hitzetan. Lanketari hasiera emateko, diagnostikoa egin zuen kultur mahaiak, eta abiapuntu bezala, ikusi zuen sortzaileentzat gune baten faltan zegoela Azpeitia: "Inkestak, elkarrizketak, bilerak eta halakoak egin ostean, ikusi genuen kultur taldeek ez dutela nahi beraien guneetatik mugitzea". Hori dela-eta, "sortzaileen komunitatea garatzeko eta harremanak lantzeko beharrari" heldu zioten lehen unetik. 2015eko urrian hasi ziren talde dinamikekin, eta urtarrilean marraztu zuten lehen zirriborroa.

Gune berriaren helburuak

Sortzaileei babesa eta baliabideak eskaintzea izango du helburu Soreasuk. "Lanean ari den jende ugari dago, eta beharrezkoa da horiei laguntzea. Laguntzea diogunean ez gara ari leku fisiko batengatik soilik, tartean dira aholkularitza, baliabide teknikoak, materiala...", adierazi du Xabier Gantzarain teknikariak. Beraz, "epe luzerako" ikuspegiarekin pentsatutako proiektua dela azaldu du. Sortzaileei laguntzeaz gain, haien topaleku izan nahi du proiektu berriak. "Sortzaileen komunitateari egitura emango dion azpiegitura izatea nahi genuke, eta belaunaldien arteko harremana sustatzekoa", nabarmendu dute. Udazkenean hausnarketarekin jarraituko dute, eta 2016 eta 2017rako lan-egitaraua finkatu. Teknikarien hitzetan, unean uneko lanekin hasiko dira. Antolaketari dagokionez, azaldu dute dagoeneko hasi direla taldeka biltzen, eta eremuz eremu lan egin daitekeela: "Dena den, ez dugu ikuspegi orokorra galdu nahi. Gure ustez garrantzia handia du kultur eremuen artean kutsadurak egotea".

Udalaren papera

Josu Labaka Azpeitiko Udaleko Kultur zinegotziaren arabera, bi plano bereiz daitezke sormen gunean: proiektua bera espazioarekin lotzea eta finantziazioa, hau da, dinamika eta obrak. Labakaren arabera, udaletik "borondatea" dago kultur mahaiak proposatutako bidean laguntzeko. "Aurrekontu zehatza" egin ezin duten arren, "azpiegiturak egokitzeko" prestutasuna dutela esan du Labakak: "Ulertzen dugu obrak udalak ordaindu beharko lituzkeela, baina guztion nahia da argitzea beste zer finantziazio iturri izango diren". Hirigintza sailean lanean ari dira dagoeneko, Kultur zinegotziaren hitzetan. Adibidez, kalderekin egin beharreko lanak martxan daude. "Guk ere ahalik eta azkarren nahi ditugu lotu eta erantzun obrei dagozkien kontuak", nabarmendu du Labakak.

2004 eta 2016, aldaketak

Azpeitiko Udala 2004an hasi zen herriko norbanako eta eragileekin bilerak egiten, Soreasu eraikinaren inguruko proiektua adosteko. Desberdina zen, ordea, garai hartako planteamendua. Izan ere, kultur taldeak eraikin horretara mugitzea pentsatzen zuen udalak. 4.800.000 euro inguruko aurrekontua izango zuela aurreikusi zuten; eta 2006an, onartu zituzten lanak 5,3 milioiko partidarekin. Ia 10 milioi euro gastatu zirela salatu izan du ezker abertzaleak eta EH Bilduk ordutik. Hasierako ikuspegia eta gaur egunekoaren artean bi aldaketa dira nabarmenenak: batetik, Azpeitiko Udalak osatutako proiektua beharrean, kultur mahaiak marraztutakoa izango dela; bestetik, kultur eragileak ez direla bere horretan mugituko Soreasura, baizik eta sortzaileentzat txokoak egingo direla, haiek horrela eskatuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide