Iruñeko sanferminetan izan diren eraso sexistak salatu ditu Marea Arroxak

Urola Kostako Hitza 2016ko uztailaren 13a

Atzo, asteartea, festak antolatzeko egiten duten bileran salaketa egiteko eta "askatasunean oinarritutako" festak aldarrikatzeko argazkia atera zuten hainbat lagunek.

"Onartezinak direlako", Iruñeko sanferminetan izan diren eraso sexistak salatu eta gaitzetsi ditu Marea Arroxak. Atzo, asteartea, festak antolatzeko egiten duten bileran salaketa egiteko eta "askatasunean oinarritutako" festak aldarrikatzeko argazkia atera zuten hainbat lagunek. "Sanferminetan ez ezik, Euskal Herriko hainbat herrietako festetan izan diren eraso sexistek erakusten dute oraindik lan asko dagoela egiteko. Herritar orok dugu festak askatasunez gozatzeko eskubide osoa. Kalean lasai ibiltzeko, lasai dantzatzeko, lasai barre egiteko, lasai etxera joateko", adierazi zuten. Horren harira, "Azpeitiko festetan inolako eraso sexistarik gertatu ez dadin", Marea Arroxak "ahalegin guztia" egingo duela adierazi zuten.

Txosnetarako protokoloa

Txosnagunean eraso sexistarik jazotzekotan horien aurka jarraitu beharreko protokoloa prestatzen du urtero Marea Arroxak. Festak iritsi aurretik protokoloaren berri ematen diete txosnagunean lanean arituko diren herritarrei, eta aurten ere horrela egingo dute: "Hiru egunez jende asko aritzen gara lanean txosnagunean, eta garrantzitsua da guztiok eraso sexisten aurrean jarraitu beharreko pausoen berri izatea, erasoen aurrean tinko erantzun behar baita. Horregatik, dei egin nahi diegu txosnetan lan egingo duten norbanakoei protokoloaren azalpenean parte har dezaten", azaldu dute. Datozen egunetan jakinaraziko dute noiz eta non azalduko duten eraso sexisten aurkako protokoloa. Horrez gain, betaurreko moreak eta eskularru gorriak ekarri zituzten gogora: "Ez dugu ahaztu behar Txitximorek betaurreko moreak erantzi gabe, eraso sexistei ezezko borobila emateko eskularru gorria janztera deitu zituela herritarrak. Eskularru gorriaketa betaurreko moreak jantzita, Marea Arroxak ezezkoa ematen die eraso sexista guzti-guztiei".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide