Azpeitiarrak, Iruñeko entzierrora abiatu aurretik. (E. Albizu Lizaso)
Urte osoa igarotzen dute uztailari begira, eta aurtengoan ere guztia lotuta utzi dute sanferminetako entzierroetan irteteko. Azpeitiko zezenzale talde batentzat urteroko usadioa bihurtu da uztailaren 7tik 14ra goiz jaikitzea. 05:30ak edo 06:30ak inguruan biltzen dira, egunaren arabera, Iruñera abiatzeko, eta 10:00etarako itzultzen dira berriro Azpeitira, lanak bukatuta. "Astelehenetik ostiralera, dozena erdi bat lagun joaten gara;?asteburuetan, hamar bat", azaldu dute.
Zezenaren aurrean korrika egitea dute pasio, eta horretarako lanorduak aldatzen dituzte edo jai hartzen dute urtero. "Ahal dugunok saiatzen gara aldaketak egiten, eta asteburuetan etortzen dira gainontzekoak", esan dute azpeitiarrek.
(Mikel Segurola)
"Munduko festarik onenak" dira zezenzaleentzat sanferminak: "Bakarrak dira, ez dute parekorik. Denetik dute: parranda, zezenak, giroa…". Goizeko zortzietako entzierroa dute maiteen azpeitiar horiek: "07:00etarako sartzen gara ibilbidean, beroketak egiten hasten gara, eta bertakoekin egoten gara". 08:00ak jotzerako San Fermini abesten diote han direnek, eta lasterka irteteko prestatzen dira. Azpeitiarren artean, gehienek Estafeta kalean egiten dute korrika, baina beste batzuek Santo Domingoko aldapan egiten dute. "Tentsioa eta emozioa sentitzen ditugu lasterka, ez dago hitzez azaltzerik", nabarmendu dute.
Bihar bukatuko dira sanferminak. Gaixoa ni kantatuko dute gauerdian, eta 358 egun geldituko zaizkie berriro sanferminez gozatzeko. Dagoeneko has daitezke lan egutegian aldaketak eskatzen.