Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zigoitiaren aurka 3 eta 0 irabazi du gaur, ostirala, Azpeitiak Euskal Herriko Herriarteko txapelketako kanporaketako joanekoa. Frontoi Txikian izan dira neurketak, eta kadeteek nahiz jubenilek, aise irabazi dituzte lehen bi partidak. Gogorragoa izan da seniorren neurketa, baina etxean gelditu da hura ere. Beraz, uztailaren 23ko finala usain dezakete dagoeneko Ilunpeko mutilek, nahiz eta itzuliko norgehiagokak jokatu behar dituzten oraindik Araban, datorren astean.
Unai Alberdi eta Gorka Iriarte kadeteek 22 eta 8 irabazi dute lehen partida. Hasieratik gailendu dira azpeitiarrak, eta arabarrek ez dute aukerarik izan garaipenarengatik borroka egiteko ere. Antzeko zerbait gertatu da jubenilekin: 22 eta 6 irabazi dute Jon Alberdik eta Mikel Unanuek. Zailagoa izan da azpeitiarrentzat seniorren partida. Gora behera handiko norgehiagoka izan bada ere, lortu dute azken puntua etxean gelditzea Markel Etxaniz eta Daniel Murgiondo pilotariek. 22 eta 20 bukatu dituzte lanak.
Horrenbestez, 3 eta 0eko abantailarekin jokatuko dute datorren astean Zigoitian Ilunpeko pilotariek. Kanporaketa honetako garaileak finala jokatuko du uztailaren 23an, larunbatean, Markinaren edo Donezteberen aurka.