Urtearen hasieran jarriko dute Azpeitian hondakinak biltzeko sistema moldatua. Errefusarentzat eta organikoarentzat txipa duten edukiontziak jarriko dituzte, eta herritar bakoitzak bere gunea izango du hondakinak botatzeko, bizilekuaren arabera. Beraz, herritarren txipek norberari tokatzen zaizkion edukiontziak soilik irekiko dituzte. Atzo, asteartea, onartu zuten bilketa sistema ohiko udalbatzan, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin.
Edukiontziek txipa badute ere, ez da egongo hondakinak ateratzeko maiztasun eta epe mugarik. Dena den, begiraleak jarriko ditu mankomunitateak. Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko zinegotziaren arabera, honako funtzioak izango dituzte begiraleek: herritarrek banaketa ondo egiten dutela bermatzea, edukiontzien inguruak txukuntzea, sor daitezkeen arazoak identifikatzea eta sistema hobetzea. Astegunetan hamalau orduz egingo dute lana begiraleek; eta, larunbatetan, zazpi orduz.
Txipen bitartez jakingo dute nork banatzen dituen hondakinak ondo, eta nork ez. "Hori erabil daiteke jendea ondo formatzeko edo, beharrezkoa bada, abisuak emateko", azaldu du Bereziartuak. Zinegotziak esan duenez, orain artean ez dute multarik jarri Azpeitian, eta espero dute "horretarako beharrik" ez izatea.
Arrasateko eredua
Bereziartuak adierazi duenez, Arrasateko bilketa sistema bera jartzea erabaki dute, "emaitza onak" ematen ari delako: "%82ko birziklatze tasara iritsi dira han sistema horrekin". Udal ordezkariak azaldu du sistema horrek emaitza onak ekar ditzakeela, jendearen askatasuna errespetatuta: "Maiztasuna eta ordutegia mugatu gabe, zerbitzu hobea eskainiko diegu herritarrei". Zinegotziaren arabera, %40 ingurukoa da birziklatze tasa Azpeitian, eta hori igotzea dute helburu.
Kostuei dagokionez, Bereziartuak azaldu du aurreikusi dutela kostuak gaur egunekoaren berak izango direla. Aldaketa izango da edukiontzien bilketa egiteko kamioien bidaien maiztasuna: errefusa lau aldiz jasoko dute, sei aldiz beharrean; gainontzekoak hiru aldiz jasotzen jarraituko dute. Bestalde, industriei eta merkatariei aparte jasoko dizkiete hondakinak, eta ostalaritzako bilketa ere egongo da. Horrez gain, auzoetako etxolak erabiltzen hasiko dira. Etxoletara mugituko dituzte edukiontziak, eta haietara joan beharko dute auzotarrek.
Uztailean, Urola Erdiko Mankomunitateko batzordetik pasatu beharko dute proposamena, eta kontu teknikoak tarteko, urtarrilerako egongo da prest sistema hori. Birziklatze tasa hobetzeko "beste pauso bat" dela azaldu du udal ordezkariak, eta "egokitzapenak" behar badira, horretan lan egingo dutela jakinarazi du.