Ipurtargi Fest Loiolan, Ekain pailazoaren ikuskizuna (Nerea Uranga/Hitza).
Bigarren aldiz ospatuko dute igandean Ipurtargi Fest egun osoko jaia, Loiolako belardietan. Joan den urtean bezalaxe, auzoko estazioan bizi diren lagunek antolatu dute festa. "Loiolako belardiak gune polita dira kanpoko ekitaldiak antolatzeko, eta leku hori aprobetxatzeko gogoa genuen, espazio irekia berreskuratzekoa", azaldu du Ane Arenas antolatzaileetako batek. Pasa den urtean harrera ona izan zuen Ipurtargi Fest-ek; izan ere, eguraldia lagun, herritar ugari gerturatu ziren auzora. Hori dela-eta, errepikatu egingo dute.
Arenasek nabarmendu du "autogestionatua" izango dela jaia, hau da, festan ateratzen duten dirua erabiliko dutela kontzertuak eta ekitaldiak finantzatzeko. Auzoko jendeak lagundu die egitaraua fintzen, eta espero dute egunean bertan ere loiolatarrek parte hartuko dutela ekitaldietan.
Umeentzat zein helduentzat prestatu dute egitaraua iganderako, aisia eta kultura uztartuta. Goizean eta arratsaldean izango dute zer egina haurrek, eta arratsaldean zein iluntzean musika izango da protagonista.
Bestalde, afari begetarianoa prestatuko dute Azpeitiko Gaztetxean hilean behin otordua egin ohi duten sukaldariek. Egunari bukaera emateko Enekora eta Ekiza taldeen kontzertuak izango dira.
Igandea, uztailak 10
Goizez. Artisauak.
14:00. Mokadutxoa, janaria norberak eraman behar du.
17:00. Umeentzat jolasak.
18:00. Piano emanaldia, Kamilarekin.
19:00. Kontrako Eztarrixeren zuzeneko emanaldia.
20:00. Afari begetarianoa.
21:30. Enekora eta Ekiza taldeen kontzertuak.