(E. Albizu Lizaso)
Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketa irabazi ostean, Zigoitia (Araba) hartuko du etxean Azpeitiak ostiralean. Euskal Herriko Herriarteko lehiako lehen partida izango da, eta Frontoi Txikian jokatuko dute, 19:00etatik aurrera. Datorren astean, berriz, Araban lehiatuko dira, eta finala hilaren 23an, larunbatean, izango da. Bestalde, Doneztebek (Nafarroa) eta Markinak (Bizkaia) ere kanporaketa jokatuko dute, eta bikote bakoitzeko irabazleak izango dira finalean.
Gipuzkoakoa, Azpeitira
Azpeitiak irabazi du Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketa, Astigarragaren kontra 3 eta 0 gailenduta. Igandean jokatu zituzten partidak, Atano III.a pilotalekuan, eta kadeteek, jubenilek nahiz seniorrek lortu zuten garaipena. Dena den, txapela lortzea ez zen izan dirudien bezain samurra azpeitiarrentzat, bigarren eta hirugarren neurketak oso estuak izan baitziren.
22 eta 3 irabazi zuten Unai Alberdi eta Julen Egiguren kadeteek. 22 eta 20, berriz, Gorka Iriarte eta Jon Alberdi jubenilek. Astigarragakoak ziren faboritoak maila horretan, eta lanak eman zizkieten azpeitiarrei. Halere, Iriartek eta Alberdik erabakita utzi zuten bigarren partidarekin Herriartekoko irabazlea. Markel Etxaniz eta Daniel Murgiondo seniorrek bukaera borobildu zuten azken garaipenarekin: 22 eta 19 irabazi zuten azpeitiarrek.
Etxaniz pilotariak azaldu du "edozer gauza" pasatu zitekeela igandean. "Lehen partida oso gogorra izan zen, espero genuen bezala. Guk konfiantza genuen gure jubenilekin, baina besteak ere onak ziren. Partida tentsio handikoa izan zen; hura galdu izan bagenu, posible litzateke gauzak desberdin joatea hirugarrengoan ere", azaldu du seniorretako aurrelariak.
Beraien neurketari dagokionez, Etxanizek adierazi du ez zirela oso ondo hasi: "Ez genuen tentsioa falta, baina akats batzuk egin genituen eta ez genuen zorte ona izan. Besteek, gainera, oso ondo jokatu zuten". Dena den, partida hari ere "buelta" eman zioten, eta 3 eta 0eko garaipenarekin itzuli ziren Azpeitira pilotariak.
Etxanizek eskerrak eman dizkie animatzera joan ziren zale guztiei, baita astez aste Frontoi Txikian animatzen izan diren denei ere. "Polita da ikustea pilotak horrenbeste jende mugitzen duela herrian, ez da leku guztietan pasatzen astero pilotalekua betetzea", esan du pilotariak.
Igandekoarekin, bost herriarteko dituzte dagoeneko Azpeitiko pilotariek. Etxanizen arabera, "zailak" izango dira Euskal Herriko Herriarteko txapelketako neurketak, baina lana ahalik eta ondoen egiten saiatuko dira.
Harrera jendetsua
Behin atzoko partida bukatuta, bazkalostean, kalejira egin zuten Alde Zaharrean pilotariek, Udal Musika Bandarekin batera. Udaletxean, harrera ofiziala egin zieten, eta balkoira irten ziren Ilunpeko pilotariak eta zuzendaritzako kideak. Herritar ugari zituzten zain plazan, eta Josu Uzkudun lehendakariak hartu zuen hitza. Hark eskerrak eman zizkien azpeitiarrei, adierazitako babesarengatik, eta banaka-banaka aipatu zituen herriartekoan jokatzen zein laguntzen ibili diren Ilunpeko kideak. Azkoitia ere hizpide izan zuen Uzkudunek: "Gaur bosgarrena irabazi dugu. Azkoitiarrek hamasei omen dituzte, eta kalkuluak ateratzen ibili ostean, uste dugu 2030aren bueltarako harrapatuko ditugula".