Azpeitiak Zigoitiaren aurka jokatuko du Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako kanporaketa

Urola Kostako Hitza 2016ko uztailaren 4a

Arabako Herriartekoko txapeldunen aurka neurtuko dituzte indarrak azpeitiar pilotariek. Asteburu honetan Frontoi Txikian jokatuko dute kanporaketako joanekoa, eta hurrengo asteburuan itzulerakoa. Finala hilaren 23an izango da.

(E. Albizu Lizaso) Herrialdekako Herriarteko Txapelketak bukatuta, datorren asteburuan hasiko da Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketa. Azpeitiak irabazi zuen atzo Gipuzkoako txapelketa, Astigarraga 3 eta 0 mendean hartuta. Orain, berriz, Arabako txapeldunen aurka, Zigoitiaren aurka, jokatuko dute Euskal Herriko Txapelketaren kanporaketa. Lehen neurketa etxean, Frontoi Txikian, jokatuko dute Ilunpeko pilotariek. Eta, hilaren 17ko asteburuan jokatuko dituzte itzulerako norgehiagokak Zigoitian. Bestalde, Bizkaiko txapeldun Markina-Xemeinek eta Nafarroako txapeldun Doneztebek neurtuko dituzte indarrak datozen bi asteburuetan. Finala, berriz, uztailaren 23an izango da, eta bi kanporaketetako irabazleak ariko dira nor baino nor. Oraindik ez dute tokia zehaztu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide