Harrera beroa egin diete azpeitiarrek Herriartekoko txapeldunei

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko uztailaren 3a

Gipuzkoako Herriarteko txapelketa irabazita, biharko zozketan jakingo dute noren aurka jokatu behar duten Euskal Herriko Herriarteko lehiako finalerdia.

(E. Albizu Lizaso) Perez Arregitik hasi, eta plazaraino joan dira Udal Musika Bandaren atzetik Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketako irabazleak. Herritar ugari zuten plazan zain, eta udaletxeko balkoitik eskaini diete azpeitiarrei txapela Ilunpeko kideek. Izan ere, herriarteko lehia irabazi du Azpeitiak, gaur, larunbata, Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatutako finalean. Udaletxeko balkoian, Josu Uzkudun Ilunpeko zuzendaritzako kideak hitza hartu du. Hark eskerrak eman dizkie azpeitiarrei, emandako babesarengatik, eta banaka-banaka aipatu ditu herriartekoan jokatzen zein laguntzen ibili diren Ilunpeko kideak. Azkoitia ere hizpide izan du Uzkudunek: "Gaur bosgarrena irabazi dugu. Azkoitiarrek hamasei omen dituzte, eta kalkuluak ateratzen ibili ostean, uste dugu 2030aren bueltarako harrapatuko ditugula". "Aupa Azpeitia eta aupa Errezil!" ohiukatu du errezildarrak. Euskal Herriko Herriarteko txapelketa jokatzeko prest daudela esan du Uzkudunek. Finalerdia igaroz gero, uztailaren 23an jokatuko dute finala. Bihar, astelehena, zozketa izango dute Abadiñon (Bizkaia) eta zer herrialdeetako taldearekin jokatu behar duten jakingo dute. [flickr_set id="72157667781106853"]  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide