Gipuzkoako Herriarteko txapelketa irabazi du Azpeitiak

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko uztailaren 3a

Atano III.a pilotalekuan jokatu dute finala, Astigarragaren kontra. Hiru partidak irabazi dituzte azpeitiarrek. Horrela, bost aldiz irabazi dute azpeitiarrek Gipuzkoako lehiaketa.

(E. Albizu Lizaso) Gipuzkoako Herriarteko txapelketa irabazi du Azpeitiak. Gaur, igandea, jokatu dute finala Ilunpe pilota elkarteko mutilek, Astigarragaren aurka. 3 eta 0 eskuratu dute garaipena azpeitiarrek; izan ere, kadeteen, jubenilen eta seniorren partidak irabazi dituzte. Kadeteena izan da lehen neurketa. Unai Alberdi eta Julen Egiguren pilotariek 22 eta 3 hartu dituzte mendean Astigarragakoak. Bigarren partida, jubenilena, estuagoa izan da: 22 eta 20 irabazi dute Gorka Iriartek eta Jon Alberdik. Astigarragakoak ziren faboritoak maila horretan, eta lanak eman dizkiete azpeitiarrei. Halere, Iriartek eta Alberdik erabakita utzi dute bigarren partidarekin Herriartekoko irabazlea. Hirugarren partidan, Markel Etxanizek eta Daniel Murgiondok 22 eta 19 hartu dituzte mendean astigarratarrak. Partidaren hasieran, Astigarrakoak aurreratu dira, eta bazirudien haien aldekoa izango zela azken neurketa. Dena den, buelta eman diote azpeitiarrek, eta 3 eta 0ekoa lortu dute. Gaurkoarekin, bost aldiz irabazi du Azpeitiak Gipuzkoako Herriarteko lehiaketa, azkena iaz. Txapelketaren palmares osoan, hirugarren postuan da Azpeitia, Hernanirekin berdinduta; Donostia eta Azkoitia dauzka aurretik. Azkoitiarrek 16 aldiz irabazi dute herriartekoa. Azpeititik hiru autobus eta zale ugari joan dira Donostiako Atano III.a pilotalekura. Musika, pankartak... denetik eraman dituzte herritarrek. Gaur, 19:00etan, harrera egingo diete udaletxean pilotariei. Lehenengo, kalejira egingo dute, Perez Arregi plazatik hasita. [flickr_set id="72157669913631632"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide