Azpeitiko Udalak eta Baigerak adineko pertsonei dei egin diete dagozkien diru-laguntzak eskatzera

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko uztailaren 1a

Diru-laguntza horiek jasotzea "eskubide bat" dela adierazi nahi dute, eta horretarako informazioa zabaltzen hasi dira.

Azpeitiko Udalak eta Baigera erretiratuen elkarteak adineko herritarrei dei egin diete dagozkien diru-laguntzak eska ditzaten. "Kezkatuta" daude bi erakundeak, ikusten dutelako adineko pertsonek ez dutela joerarik laguntzak eskatzeko. Horren arrazoi gisa, bi faktore identifikatu dituzte: batetik, uste dute laguntzak daudela ez dakiten pertsonak egon daitezkeela; bestetik, jakitun dira badela diru-laguntzak eskatzera ausartzen ez den jendea, lotsarengatik edo beraien esparruan sozialki gaizki ikusia den zerbait delako. Arazo hori konpontzeko neurriak hartzen hasi da Azpeitiko Udala, Baigerarekin elkarlanean. Lehen pausoa izan da etxez etxe eskuorri bat banatzea, informazio guztiarekin. "Arazoa ez dadila izan, behintzat, ez dutela izan laguntzen berri", azaldu du Estitxu Elduaien zinegotziak. Nabarmendu nahi dute "eskubide bat" dela laguntza horiek jasotzea, eta pertsona horiei dagokien dirua dela. Horregatik, erroldatutako 65 urtetik gorako azpeitiar guztiek jasoko dituzte etxean Azpeitiko Udalak nahiz beste erakunde batzuek eskaintzen dituzten laguntzen inguruko informazioa.

Arazo orokorra

Joan den urtean SIIS Fundazioak pobreziaren inguruko ikerketa egin zuen udalarentzat, eta bertan ikusi zuten adinekoen artean bazela "beharra duen" jendea. Baigerako kideen arabera, arazoa ez da Azpeitikoa soilik, egoera bera da Gipuzkoakoa ere. "Guk nahi dugu ikustea beraien eskubidea dela diru hori jasotzea, ez dela propina bat", azaldu dute. Beharra duten pertsonen artean identifikatu dituzte urteetan kotizatzeko aukerarik izan ez duten emakume asko edo etxean lana egin behar izan dutenak. Horrez gain, ikusi dute adineko zenbait pertsonentzat izapideak eta paper kontuak betetzea ere kostatzen dela, eta horri eman nahi diote irtenbidea. Aurrera begira, gaia lantzeko bide berrian jorratuko dituzte. Herritarrei adierazi diete edozer zalantza galdetzeko jo dezaketeela udaletxera edo Baigerara. Bestelako bideak ere jarri dituzte: gizartezerbitzuak@azpeitia.eus-era idaztea edo 943-15 71 92 telefonora deitzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide