Alberditarrak, Frontoi Txikitik Atano III.era

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko uztailaren 1a

Jon eta Unai Alberdi (E. Albizu Lizaso) Elkarren aurka inoiz jokatu ez badute ere,  askotan jolastu dute elkarrekin pilotan. Anaiak dira Jon Alberdi (Azpeitia, 1999) eta Unai Alberdi (Azpeitia, 2002), eta biek jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko finala igandean. Donostiako Atano III.a pilotalekuan lehiatuko dira, Azpeitia ordezkatuz. Kadeteetan jokatzen du Unaik, Julen Egigurenekin; eta jubeniletan Jonek, Gorka Iriarterekin. Markel Etxanizek eta Daniel Murgiondok osatzen dute hirugarren bikotea. Astigarraga izango dute aurrez aurre. Igandeko egunari begira, garaipen bera izango dute helburu etxe bereko bi pilotariek. Aita pilotazalea dute, kirol horretan ibilia, eta ez zen ezustekoa izan etxean beste bi pilotari sortzea. 5 urtekin hasi zen Jon, anaia zaharra; eta 6 urterekin, Unai. "Ni hasi nintzen pilotan jokatzen, baina bera beti etortzen zen ikustera, eta badirudi afizioa sartu niola", azaldu du Jon anaia zaharrak. Unaik esan du anaiaren partidak ikustera joaten zenean, frontoiaren atzeko aldean jarduten zuela pilotan, eta "konturatu gabe" sartu zela mundu horretan.

Elkarri begira

Elkar ondo ezagutzen dute anaiek, eta badakite nabarmentzen zein diren bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak. Jonek uste du Unaik "gogor" ematen diola pilotari horren gaztea izateko, "erraz atzeratzen" duela pilota: "Nik ez nuen abilezia hori bere adinean". Bestalde, Unaik esan du anaiak "askoz ere ezker hobea" duela. Itxuraz antzekoak badirudite ere, desberdintasun gehiago dituzte alberditarrek. Anaia gaztea lasaiagoa da zaharra baino, beraien esanetan. "Ni nahikoa plazagizona naiz, konfiantzarekin jokatzen dut, eta finaletan ere ez naiz jartzen urduri", azaldu du Unaik. Jon, berriz, "urduriagoa" izan da ume-umetatik.

Hirugarrena, erabakiorra

(E. Albizu Lizaso) "Oso ezagunak" ditu Jonek igandeko aurkariak, haien kontra askotan jokatu izan duelako. Joan den urtean ere haien aurka lehiatu ziren herriartekoko finalerdian; eta atzelaria, esaterako, joan den urteko bera da. Anai gaztearentzat, ordea, berriak dira guztiak. Unaik uste du lehen partida "nahiko erraz" irabaziko dutela, lan txukuna eginez gero; bigarrenean, "lan gehiago" izango dituzte jubenilek, baina "zeresana emango dute" azpeitiarrek ere. Beraz, hirugarren partida erabakiorra izango da. "Senior mailan faboritoak gara, baina oso partida gogorra izango dela iruditzen zait", esan du Jonek. Araban eta Bizkaian erabakita daude dagoeneko herriarteko txapeldunak: Zigoitia eta Markina, hurrenez hurren. Asteburu honetan Gipuzkoa eta Nafarrokoak erabakiko dira.

Partidaz partida

Herriartekoaz gain, beste hamaika partida jokatzen dituzte alberditarrek. Jonek, esate baterako, hamar neurketa jokatu ditu hamabost egunean; eta datozen zortzi egunetan, beste sei izango ditu. "Oraintxe da garaia, eta neurketa gehitxo pilatzen zaizkigu sasoi honetan, baina gustura gaude", adierazi du. Unaik ere egutegi oso estua du maiatzetik aurrera. Unaik Añorgako txapelketa eta herriartekoa jokatuko ditu uda bitarteko probak bukatzeko; eta Jonek Zornotzako txapelketa, Dinastia Etxabe, Antiguakoa eta halako dozena erdi lehia ditu. Gehienak binaka edo lau t’erdian jokatzen dituztela azaldu dute; gero, pilotaleku osoan, bi edo hiru proba izaten dituzte urtean. "Hiru modalitateak gustatzen zaizkigu, eta, oraingoz, ondo moldatzen gara era guztietan", azaldu du anaia zaharrak.

Frontoi Txikiko sekretua

Frontoi Txikian jokatu dituzte azpeitiarrek herriarteko lehiaketako partida erdiak. Izenak berak dioen bezala, txikia da pilotalekua, eta etxekoentzat abantaila gisa ikusi izan dute kanpokoek. Dena den, alberditarrek ere ez dute oso gustukoa Frontoi Txikia. Jonen arabera, "zabaleran dago alderik handiena", eta alde batean falta zaion metro erdiak "asko baldintzatzen" du jokoa. Unai ere iritzi berekoa da: "Beti ondo jokatu izan dut hemen [Frontoi Txikian], baina aukeran jarriz gero, zabala hartuko nuke". Larrañaga eta Uzkudun bikote ziren garaiko neurketak ekarri ditu gogora Jon Alberdik: "Haiek neurria bikain hartua zioten Frontoi Txikiari, eta min handia egiten zuten". Pilotei dagokienez, "normal samarrekin" jokatzea da aukera onena bi anaientzat. "Badakigu Astigarragako pilotekin egon dela polemika, bai azkoitiarren aurka jokatu zutenean, baita andoaindarren aurka egin zutenean ere. Oso pilota biziak ateratzen dituzte", azaldu du Jonek. Halere, Ilunpeko pilotariek ez dute entrenamendu berezirik egin pilota biziekin: "Gure erara ari gara, beti entrenatzen dugun bezala". Astean behin edo bi alditan launaka biltzen dira, eta elkartekoekin entrenatzen dute. Horrez gain, bi anaiak beren kasa ere jarduten dute. (E. Albizu Lizaso)

Ilusioarekin lanean

"Honetan segitzeko asmoa dugu ahal dugun bitartean", azaldu du anaia gazteak. "Ume-umetatik" maite izan dute kirol hori: "Onak izan gara beti pilotan, eta horrek ere sortzen du aurrera egiteko ilusioa; sentimendu horrekin jarduten dugu". Igandeko neurketari begira, esan dute "ederra" litzatekeela aurten, berriro, udaletxeko balkoira igo eta garaikurra altxatzea. "Polita litzateke, baina ezin dugu horrekin pentsatzen hasi; Astigarragakoak ere irabazteko asmoz irtengo dira kantxara, eta dena eman beharko da", azaldu du Jonek. Gainera, nabarmendu dute "guztia egun batean" jokatzen dela; hori dela-eta, "edozer" gerta daiteke igandean. Irabazleak Euskal Herriko lehia jokatzeko txartela lortuko du: Astigarraga edo Azpeitia.

Sarrerak salgai, gaur eta bihar

Partidak ikusteko txartelak eros daitezke oraindik, Frontoi Txikian, Ilunperen bulegoan. Gaur, 18:00etatik 20:00etara eskura daitezke; eta, bihar, 10:00etatik 12:00etara. Autobusa doan izango da 09:00etan anbulatoriotik irtenda, baina beharrezkoa da izena ematea bertan joateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide