Bukatu berri diren Urrestillako San Joan festetan hainbat txikizio izan direla salatu du Festa Batzordeak. Zapatuan, ekainaren 25ean, Setaldeko farolak eta hesia eta bide horretako zakarrontziak hautsita agertu zirela azaldu dute. Horrez gain, errepideko seinaleak, haur eskola kanpoko kristalak eta hainbat aulki txikitu izana salatu dute. Urrestillako Festa Batzordeak ez dela gertaera horien erantzule egingo jakinarazi du.
Festa Batzordeak honako ohar hau kaleratu du:
"San Joanak bukatu zaizkigu, eta lehenik, eskerrak eman nahi dizkizuegu festak aurrera eramaten lagundu diguzuenoi eta hurbildu zareten guztioi. Hala ere, badirudi, bertaratu ziren batzuk ez zirela festara etorri, argazkiei begiratu besterik ez dago horretaz ohartzeko.
Batetik, larunbat goizaldean, Serraldeko farolak eta hesi berriaren zati handi bat guztiz txikituta agertu ziren eta puska batzuk errekara botata, bideko zakarrontziekin batera. Hori gutxi balitz bezala, larunbat gauean, errepideko seinaleak puskatu eta kendu zituzten, haur eskolaren kanpoko kristalak hautsi eta frontoiaren goialdean zeuden aulkiak behera bota eta txikitu.
Hori horrela, argi eta garbi utzi nahi dugu Urrestillako Festa Batzordea ez dela gertaera horien erantzule egingo. Festak guztiok ondo pasatu eta gozatzeko antolatzen ditugu, eta ez han eta hemen bazterrak txikitzen jarduteko; ez zaigu iruditzen parranda egiteko eta ondo pasatzeko indarkeria erabili beharra dagoenik".
Hemen, argazki bilduma: