Orkatzen 23. urteurrena ospatuko dute gaur hasi eta igandea artean

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko ekainaren 29a

Anari azkoitiarraren kontzertua izango da ekitaldi nabarmenena bihar. Duela urtebete berretsi zuten ‘Herriko tabernen’ aurkako auzia, eta ezer jakin gabe jarraitzen dute.

Urtebete igaro da dagoeneko Espainiako Auzitegi Gorenak Herriko tabernen aurkako auzia berretsi zuenetik. Urtebete zain, eta albisterik gabe. 101 herriko taberna ixteko agindua eman zuten, tartean, Azpeitiko Orkatz kultur elkartea. Egoera horretan ospatuko dute aurten, iaz bezala, Orkatzen 23. urteurrena. "Lehen egunean bezalaxe, ez dakigu zer gertatuko den bihar", azaldu du Imanol Amenabar Orkatzeko langileak. Dena dela, nabarmendu du ezin dutela "erlaxatu", edoizein unetan itxi dezaketelako Orkatz. Hori dela-eta, "garrantzitsua" da Orkatzeko kideentzat urteurrena aprobetxatzea bazkideei "keinu bat" egiteko: "Urtean zehar kontzertu eta ekitaldi asko antolatzen dira Orkatzen, baina urteurrena garrantzitsua da honen zati izan direnak elkartzeko, eta belaunaldien arteko lotura mantentzeko". Orkatz kultur elkarteko kideen artean prestatu dute egitaraua, bezeroen ekarpenekin, eta bost eguneko jaia antolatu dute. Gaur hasiko dira, Ametsen liburua-ren aurkezpenarekin. Igandea bitartean, denetik izango da Orkatzen: kontzertuak, bertsoak, umeentzat emanaldia... Anari musikari azkoitiarraren kontzertua da ekitaldi nabarmenetako bat. Bihar izango da, 22:00etatik aurrera. Sarrerak kontzertuaren aurretik jarriko dituzte salgai, prezio "sinbolikoan". Antolatzaileen arabera, "isiltasuna bermatzeko" jarriko dute sarrera, eta barra ere itxi egingo dute. Izan ere, bakarlari gisa izango da Anari Orkatzen, eta "errespetuarengatik" hartu dute erabakia. 21:30ak inguruan hustuko dute taberna.

Txartelak salgai

Urteroko hitzordua ere mantendu dute: bazkaria. Sarrerak salgai daude Orkatzen bertan, 20 euroren truke. Larunbatean izango da otordua 14:30ean, batzarra egin ostean, Sanagustin kulturgunean. Bestalde, umeentzako eguna antolatu dute iganderako. Duela urte batzuk Porrotx izan zuten, eta "arrakasta"?ikusita, bide beretik jo dute. Ekain Ibarguren herriko pailazoak girotuko du arratsaldea haurrentzat. Denentzako moduko jaia antolatu dute.

Egitaraua

Gaur, ekainak 29 19:00. Ametsen liburua-ren aurkezpena eta hitzaldia, Jokin Urainekin. Bihar, ekainak 30 22:00. Anariren kontzertua. Etzi, uztailak 1 22:30. Bertso saioa: Amets Arzallus, Etxahun Lekue, Igor Elortza eta Alaia Martinekin. Larunbata, uztailak 2 11:00. Batzarra, Baigeran. 14:30. Bazkaria, Sanagustin kulturgunean; eta, ondoren, Tony Rocketen kontzertua. 18:00. Bad Sound System taldearen kontzertua. Igandea, uztailak 3 17:00. Ekain txou pailazoaren emanaldia eta umeentzako margoketa tailerra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide