Pablo Ibarren senideekin bildu dira Azpeitiko udal ordezkariak

Urola Kostako Hitza 2016ko ekainaren 27a

Ibarren lehengusu Pilare Pereda Eneko Etxeberria alkatearekin elkartu zen, eta udalak "babes eta elkartasun" osoa agertu zion Ibarren familiari.

Pablo Ibarren familiako kideak Azpeitiko udaletxean izan ziren joan den ostegunean. Ibarren lehengusu Pilare Pereda Eneko Etxeberria alkatearekin elkartu zen, eta udalak "babes eta elkartasun" osoa agertu zion Ibarren familiari. Izan ere, Ibarrek 22 urte pasatu ditu heriotzaren korridorean. Floridako Auzitegi Gorenak otsailean baliogabetu zuen Ibarri jarraituko zigorra, eta, ordutik, espetxe arrunt batean dago Ibar, berriz epaitzeko zain. Urte guzti horietan, Ibarren senideek eta gertukoek epaiketa berriro egitea eskatzeko eta Pablok epaiketa justua izan dezan galdegiteko egin dute lana. Epaiketa berriro egingo badute ere, Floridako Estatuak jakinarazi du Ibarrentzat heriotza zigorra eskatuko duela epaiketan. Ibar familia "baikor" da, baina kezka ere agertu zioten familiaren ordezkariek Azpeitiko alkateari. Etxeberriak, berriz, "babesa eta elkartasuna" adierazi zion Ibarren familiari: "Guk ere Pablok epaiketa justu bat izatea nahi dugu, eta Fiskaltzak heriotza zigorra eskatzea kolpe handia da eta ezinegona sortzen digu. Tamalez, gure herrian ezagutzen ditugu espetxeak eta zigorrak irrazionaltasunez eta mendekuz erabiltzearen bideak, eta aldarrikatu nahi dugu epaiketa justu bat izateko eskubidea duela Pablok, eta heriotza zigorra giza eskubideen guztiz aurkakoa dela. Beraz, gure babes osoa duzue borroka honetan", adierazi zion Etxeberriak Ibarren lehengusuari. Aurrera begira, familiarekin harremanetan egongo direla eta "kasua gertutik jarraitzeko bideak jarri" dituztela esan du Udalak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide