Umetatik hasi dira parte hartzen

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko ekainaren 24a

(Eneritz Albizu Lizaso) Herriko gaien inguruan ekarpenak egiten hasi dira haurrak. Iraurgi Ikastetxean probatu dute esperientzia 4 eta 5 urteko umeek, lan proiektu baten bidez. Azpeitiko bederatzi jolas-parke aztertu dituzte lantaldeetan, eta haien hutsune eta indarguneak jaso dituzte txosten batean. Behin lanketa eginda, Azpeitiko Udalaren Azpeitia Denon Artean proiektuaren barruan, Aitor Bereziartua Hirigintza zinegotziari entregatu dizkiote ondorioak, erakundeak hobekuntzak egin ditzan. Aditu ikuspuntutik aztertu dituzte parkeak umeek. Izan ere, haiek dira gune horien inguruan gehien ulertzen dutenak. "Guk ezagutzen ditugu ondoen parkeak, eta badakigu zer dagoen gaizki eta zerekin har dezakegun min", azaldu dute. Ikaskideek aho batez esan dute "oso ondo" sentitu direla lanean. Hezitzaileen arabera, ulertu dute helduek zenbait esparrutan parte hartzeko aukera duten bezala, haurrek izan ditzaketela beraien arloak ere. (Iraurgi ikastetxea) Ikerketa egiteko, udalerriko mapa eskatu zuten udaletxean, eta Alde Zaharra eta berria banatu zituzten. Ondoren, jolastokiak kokatu zituzten mapan, eta banan-banan izan ziren gune guztietan. Honako elementuei eman diete garrantzia umeek txostena osatzerakoan: jostailuak apurtu gabe egotea, garbiak izatea, zakarrontziak egotea edo komunak, eserlekuak eta informazio kartelak egotea, esate baterako. Gai horiek kontuan hartuta, "hobekuntza proposamenak" egin dituzte. Udaletxera joan, eta gutun bat idatzi zuten, Hirigintzako arduradunarekin egon nahi zutela esanez. Ondoren, hamar ikasle hartu zituen Aitor Bereziartuak. "Balorazio oso ona" egin du egitasmoaz Bereziartuak ere. "Sorpresa ona izan zen", azaldu du. "Aberasgarria" da, zinegotziaren hitzetan, umetatik parte-hartzearen oinarriei "zentzua ematea". Hori dela-eta, ikastetxea zoriondu du, eta beste eskolak ere animatu ditu bide hori jarraitzera. "Oso ilusionatuta ikusi nituen umeak beraiek eginiko lanarekin, eta garrantzitsua da hori, beraiek ere uler dezaten gauzak egin daitezkeela beste modu batera", nabarmendu du. Udalak aztertu ditu umeen proposamenak, eta kontuan izango dituela azaldu du Bereziartuak.

"Iritzi kritikoa" lantzen

Maite Egiguren, Itziar Larrañaga eta Vicen Hurtado hezitzaileek azaldu dute haurrei ikusarazi nahi zietela beraien iritzia ere "garrantzitsua" dela, eta eragina izan dezakeela "herriko norabidean". Bide batez, udaletxeko funtzionamendua ezagutu dutela nabarmendu dute. "Uste dut norbaitek beraien iritziak jasotzeak eta kontuan hartzeak eragin diela zerbait", azaldu du Egigurenek. Proiektuarekin hasi ziren lanean "herriarekiko konpromisoa" umetatik sustatzeko, Hurtadoren arabera. "Helduok ere ez dugu askotan ikusten zer garrantzitsua den herriko gauzetan parte hartzea, eta txikitatik erakutsi nahi dugu balore hori", nabarmendu du. "Herritar senti daitezen nahi dugu", gehitu du Egigurenek. 4 urte soilik dituzte ikasleek, baina "bidetxoa" ireki dutela esan du Larrañagak. Halere, "iritzi kritikoa" lantzen jarraituko dute ikasketa prozesuan zehar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide