Iñaki Bergara Izagirre
Pio (Azpeitia, 1935) aktorea hil da gaur, asteazkena, gaixotasun baten ondorioz. Bihar, osteguna, izango da hileta elizkizuna Soreasuko Sebastian Donearen parrokian, 19:00etan hasita.
25-30 urterekin egin zuen lehen antzezpena,
Ustekabeko poza obran, eta, ondoren, Azpeitiko Antxieta antzerki taldean hasi zuen antzerki ibilbidea; 22 urte inguru egin zituen Antxietan. Talde hura desegin zenean, Lakrikun taldearekin hasi zen lanean. Orduz geroztik, antzerkian, telebistan eta zineman egin zuen lan.
Antzerkian ez ezik, telebistan ere egin du lanik azpeitiarrak. 1995ean, ETB 1eko
Goenkale telesailean hasi zen lanean, eta hamar urtez jardun zuen Kaxkurrioren papera jorratzen pantaila txikian. 2006an,
Balbemendi telesailean Lukasen lana egiteko aukera izan zuen, eta, 2009an, Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendutako
Brinkola telesailean aritu zen.
Euskolegasen ere zenbait agerpen egin zituen Bergarak. Zineman, berriz,
Topeka eta
Ostertz laburmetraietan nahiz
Aupa Etxebeste filmean hartu zuen parte azpeitiarrak.
Alkartasuna taldearen sorreratik, 30 bat urtez atera zen talde horrekin San Sebastian bezperako helduen danborradan.
Udal korporazioan mazolari ere atera izan zen urte askoan, eta 2009an utzi zion irteteari.
Antzerki Topaketetako
Txalo saria eman zion Azpeitiko Udalak 2011n (
hemen, saria jaso zuen ekitaldiaren bideoa), eta sari-banaketa ekitaldian bertan Bergarari eskainitako
liburuxka biografikoa aurkeztu zuen Uztarria Komunikazio Taldeak. Monika Juaristi kazetari azpeitiarrak idatzi zuen haren biografia txikia.
Erreakzioak
Iñigo Agirre, Antxieta antzerki taldeko kide izandakoa: "Pertsona ona, eskuzabala eta langilea zen, eta edozein lan egiteko prest egoten zen beti. Oholtza gainean berea eta gehiago ematen zuen, antzerkiko atal desberdin guztietarako balio zuen: bai muntaketetarako, bai argi kontuetarako, bai oholtza gainerako... Ospakizunetarako ere beti prest izaten zen eta beti aurreko muturrean, ihes egindako taldean, aritzen zen. Antzerkirako pertsona aparta!".
Alaitz Olaizola, Lakrikun antzerki taldeko kidea: "Albistea jakitean, beldurtzeko lastima sentitu dut. Banekien gaixorik zegoela, baina ez nuen imajinatzen Pio inoiz hil zitekeenik. Duela hogei urte baino gehiago ezagutu nuen Antxietan, eta momentu asko elkarbanatu ditugu Lakrikun antzerki taldean. Antzezlan bat dut gogoan: berak apaizarena egiten zuen eta nik mojarena. Horren ondorioz, harreman berezia sortu zen gure artean. Izatez langilea zen oso, dena ondo egin behar izaten zuen horietakoa. Testua, azken unera arte, eskuetan izaten zuen, eta beste guztiei lasaitasuna ematen zigun. Lanaz gain, ordea, oso ona zen festarako ere. Horretan ere, lehena zen beti, eta oso pertsona egokia zen talderako. Antzerkiak batu gintuen, eta beti izan dugu zertaz hitz egin. Asko pozten naiz Uztarriak Bergararen inguruko liburuxka biografikoa kaleratu izanaz. Behintzat, hor gelditu da haren aztarna".