Urrestillako hainbat gazte auzoko plazan lizarra zutitzen, larunbatean (Argazkilaria: Mailo Oiarzabal/ Uztarria.eus)
Eguraldi beroarekin batera iritsiko da suaren goxotasuna Urrestillara, bihar, San Joan bezperan. Joan den astean hasi zituzten jaiak, baina bihartik aurrera lehertuko da festa. Urtero legez, zuhaitza sartuko dute plazan, eta igande gaua artean egongo da tente.
Urrestillako festa batzordeak jai "anitzak" antolatu nahi izan ditu, "herri baloreetan" oinarrituak. Hori dela-eta, esate baterako, aurten inoiz baino ekitaldi gehiago jarri dituzte umeentzat. "Parte-hartzea" jarri dute festen "erdigunean", eta horregatik antolatu dituzte aurten umeentzat olinpiadak, krosa beharrean: "Umea protagonista izatea nahi genuen, eta handira jo beharrean, parte-hartzea sustatzeko modu hobea iruditu zitzaizkigun jolasak", azaldu du Aitor Aranburu batzordeko kideak. 60 ume inguruk parte hartu zuten asteburuko ekintzan, eta balorazio ona egin dute.
Parte-hartzearen ildoari tiraka, herritarrei eman diete aurtengoan jaietako kamisetak diseinatzeko aukera. Zortzi proiektu aurkeztu dituzte, eta Joseba Orbegozo eta Aloña Garmendiarena aukeratu dute. Urrestillako dendan salgai daude jaietako kamisetak.
Egitarau potoloa
Bihartik hasita, egunero dago zer egina Urrestillan, gau eta egun, ume zein helduentzat. Ostiralean, adibidez, Azpeitiko Txantxalgara taldeak antzeztuko du plazan, eta gauean ere gazte afaria eta hiru kontzertu egongo dira. Dena den, larunbata izango da, agian, egun "fuerteena". "Goizetik hasita dago eskaintza, edonorentzat", azaldu du Aranburuk. Umeentzat jolasak eta helduentzat musa egongo dira arratsaldez. Horrez gain, artisauek azoka jarriko dute, eta festa batzordeak ere postua izango du, kamiseten lehiaketan parte hartu duten herritarren lanak erakusteko.
Autobus zerbitzua indartua
Urrestilla eta Azpeitia artean autobus zerbitzua indartuko dute sanjoanetarako, bihartik hasi, eta igandea bitartean.
Bihar, honako ordutegia izango da: Azpeititik Urrestillara, 19:15ean, 20:40ean eta 22:30ean. Urrestillatik Azpeitira, 03:30ean eta 06:00etan. Ostiralean, Azpeititik Urrestillara, 19:15ean, 20:40ean eta 22:30ean. Urrestillatik Azpeitira, 01:30ean, 03:30ean eta 06:00etan. Larunbatean, Azpeititik Urrestillara, 20:05ean eta 22:30ean. Urrestillatik Azpeitira, 01:30ean, 03:30ean eta 06:00etan. Igandean, 22:30ean jarriko dute Azpeititik Urrestillara joateko autobusa, eta 01:30ean bueltatzekoa.
Egitaraua
Bihar, ekainak 23
20:00. Poteo herrikoia.
21:00. Pregoia eta suziria.
21:15. Herri afaria.
00:00. San Joan zuhaitza sartu.
00:30. San Joan sua piztu.
00:30. Laket.
etzi, ekainak 24
12:00. Meza nagusia.
12:45. Azpeitiko udal musika banda.
13:00. Buruhandiak eta herri-erraldoiak.
12:45. Txantxalgara haurrentzako emanaldia.
19:30. Sorgin poteoa.
21:00. Gazte afaria.
23:00. Kontzertuak: Ezten, Trikimailu eta Los Zopilotes Txirriaos.
Larunbata, ekainak 25
12:30. Sagardoa.
14:00. Mus txapelketako izen-ematea. 14:45ak artean.
16:00. Puzgarriak.
16:30. Artisau azoka.
20:00. Elektro txufla.
23:15. Bull DJa.
Igandea, ekainak 26
16:00. Haurrentzat jolasak.
23:00. San Joan zuhaitzaren entierroa.