Markel Etxaniz pilotari seniorra, Frontoi Txikin. (E. Albizu Lizaso)
BERRIA pilota txapelketako finalerako sailkatu da Ilunpe pilota elkartea, gaur, igandea, Andoaingo Gaztelekuri 2 eta 1 irabazi ostean. Datorren igandean jokatuko dute, beraz, azpeitiarrek finala, Doneztebeko (Nafarroa) Erreka elkartearen kontra. Hernanin da neurketa, 17:00etatik aurrera.
Andoainen jokatu dute gaur finalerdia, eta 2 eta 1 gailendu dira azpeitiarrak. Gorka Iriarte eta Julen Egiguren kadeteek irabazi egin dute lehen neurketa, 22 eta 15. Bigarren partida, jubenilena, galdu egin dute Jon Alberdik eta Imanol Odriozolak, 12 eta 22. Horrenbestez, seniorren esku gelditu da finalerako txartela: Markel Etxaniz eta Daniel Murgiondok 22 eta 9 irabazi dute azken partida.
Herriartekoan, emaitza onak
BERRIA lehiaz gain, Gipuzkoako Herriarteko txapelketa jokatzen ari dira azpeitiarrak. Ostiralean jokatu zuten Ilunpeko mutilek finalerdiko joaneko partida, Frontoi Txikin, eta
3 eta o gailendu ziren, Hernaniren kontra. Datorren astean itzuliko partidak jokatu beharko dituzte etxetik kanpo, baina aukera argia dute herriarteko finalean ere izateko.