Alde Zaharreko etxaurreak txukuntzeko laguntza jarri dute

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko ekainaren 17a

60.000 euro bideratu ditu udalak fatxadak berritzeko. Hamar urte baino gehiago dituzten etxaurreen jabeek eska dezakete laguntza, azaroaren bukaera bitartean.

Bereziartua eta Lizarralde udal zinegotziak (E. Albizu Lizaso) Alde Zaharra biziberritzeko helburuarekin, zaharkitutako etxaurreak txukuntzeko diru laguntza jarri du Azpeitiko Udalak. Horretarako, 60.000 euro bideratu dituzte, eta fatxada bakoitzeko, gehienez, 3.000 euro jasoko dituzte eskaera egiten dutenek. Erakundeak lanen %25a ordainduko du, gehienez, 3.000 euro eskaerako. Laguntza eskatzeko, fatxada guztia berritu behar da, eta hamar urte baino gehiago izan behar ditu hark. Etxaurrea aipatzean, honako lanak barnebiltzen ditu laguntzak: fatxaden margoketa eta garbiketa lanak; balkoien mantentze, konpontze eta zurgintza lanak; teila hodien konponketak eta fatxadetako kableak kentzea edo ezkutatzea.

Ekain bukaeratik hasita

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratuko dute iragarkia ekainaren bukaeran, eta egun horretan bertan irekiko dute eskaerak egiteko epea. Azaroaren 30a arte luzatuko dute. Laguntzak eskaera egin den urrenkera kronologikoan emango dituzte. Hori dela-eta, Aitor Bereziartua zinegotziak adierazi du diru laguntza "ahalik eta azkarren" eskatzea dela onena. Laguntza jasotzen duten pertsonek hurrengo bost urteetan ezingo dute laguntza bera berriro jaso. Izan ere, aurtengo partidak arrakasta izaten badu, berriro ere laguntza jartzea aurreikusi du Azpeitiko Udalak. Hauek dira eskaera egiteko bete beharreko baldintzak: etxeak hamar urte baino gehiago izatea; 50 urte baino gehiago izanez gero, Eraikinen Ikuskapen Teknikoa (EIT) pasatuta izatea; konponketak etxaurre osoan egitea eta bide publikotik ikusten den fatxada izatea.

Alde Zaharra berritzen

Agustin Lizarralde udal zinegotziak azaldu duenez, Alde Zaharra biziberritzeko bidean, udalak eginiko beste ekarpen bat da laguntza. "Alde Zaharrean itxura zaharkitua duten etxe asko daude, eta horiei itxura aldatzen lagundu nahi dugu", azaldu du Lizarraldek. Azken urteetan eginiko urratsen artean aipatu ditu plaza oinezkoentzat zabalik jartzea, Sanagustin kulturgunea irekitzea, bi parke berri egitea edo kultur ekitaldiak ugaritzea. Horrez gain, uneotan lanean ari dira azoka plaza egiteko, Soreasu sorkuntza gune bilakatzeko eta Basozabal berritzeko. Neurri horiekin guztiekin "Alde Zaharrari itxura egokiagoa ematea" nahi dutela adierazi du Bereziartuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide