San Joan festak ospatzen hasiko dira asteburuan Urrestillan

Urola Kostako Hitza 2016ko ekainaren 16a

Bihar pilota partidak izango dira Txikuri pilotalekuan. Zapatuan haurrentzat eta gurasoentzat olinpiadak izango dira, eta, ondoren, kantu-jira egingo dute. Igandean, jubilatuen eguna ospatuko dute.

Uztarria.eus Bihar, ostirala, hasiko dira San Joan festak ospatzen Urrestillan. Urteroko legez, eskuzko pilota jaialdia izango da bihar, 22:00etan hasita, Txikuri pilotalekuan. Iker Irribarria Lau eta Erdiko Txapelketako txapelduna Zabaletarekin ariko da Altuna II.aren eta Rezustaren kontra. Jaialdiko lehen partida, afizionatuena, Ugalde eta Martinezek eta Errandoneak eta Olaizola III.ak jokatuko dute. Dagoeneko pilota partidetarako sarrera guztiak salduta daude. Asteburuan ez dira pilota partidak soilik izango Urrestillan. Izan ere, zapatu goizean, 10:00etan, Urrestilla eta Azpeitia arteko bidegorria eskatzeko martxan egingo dute. Arratsaldean, haurrentzat eta gurasoentzat olinpiadak izango dira, 16:30ean hasita. Iluntzean, berriz, kantu-jira izango da Bentazaharreko Mutiko Alaiekin, 19:30etik aurrera. Igandean jubilatuen eguna ospatuko dute. 12:00etan meza izango da, eta, haren ostean, Sahatsa Dantza Taldearen emanaldia izango da 13:00etan. Ondoren, 14:00etan, jubilatuen bazkaria izango da, eta trikitilariek girotuko dute bazkalostea. Sanjoanek hilaren 23an jarraituko dute, eta hilaren 26an bukatuko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide