(Valen Garcia)
Kimu nesken Azpeitia Cup txapelketa jokatuko dute asteburuan, eta 35 taldek parte hartuko dute. Euskal Herritik, Kataluniatik eta Espainiatik bidaiatuko dute taldeek Azpeitira, eta larunbat zein igandez jokatuko dituzte partidak 11 urteko neskek.
Hirugarren urtez antolatzen du Azpeitia Cup-ek nesken lehia, eta "maila handia" espero du Mikel Rodriguez lehendakariak. "Txapelketa hau antolatu genuen lehen urtean harrituta gelditu ginen futbolariek zuten mailarekin, eta ez dugu gutxiago espero aurten", azaldu du Rodriguezek. Espanyoleko edo Athletic-eko neskak lehiatuko dira, esate baterako, asteburuko lehiaketan.
Antolatzaileak "oso gustura" daude izena eman duten taldeekin, eta azaldu dutenez, "inoiz baino interes handiagoa" erakutsi dute kanpoko taldeek aurten: "Mutilen pare edo gehiago".
Nesken txapelketak
"Garrantzia handia" du Rodriguezen ustez nesken txapelketak antolatzeak. Izan ere, ez dira izaten halako lehia asko, eta txikitatik eman behar zaie "aukera" mutilen mailan aritzeko.
Larunbatean hasiko dira partidak, 09:30ean, eta etenik gabe jokatuko dute 18:30ak bitartean. Igandean ere 09:30ean hasiko dira, eta 13:45ean jokatuko dute finala. Sari banaketa 14:30ean izango da. Joan den asteko asteburu "arrakastatsuaren" ostean, jende ugari espero dute berriro herrian, futbolaz eta kulturaz gozatzen. Azpeitia Cup-ek eskerrak eman dizkie boluntario guztiei.