Ingurumena Herritik azoka prestatu dute Azpeitian larunbaterako, eta herriko eragile ugarik parte hartuko dute. Goizean zehar, informazio-postuak, tailerrak, jolasak, jan-edana eta hamaika eskaintza izango dira herriko plazan. Elkar-ekin eta Piztu taldeen ekimenez sortu da azoka, eta Azoka Herritik egitasmoaren ildoari jarraitu diote, begirada ingurumenean jarrita.
Antolatzaileen arabera, "garrantzitsua" da ingurumenaren gaiaren aurrean kontzientzia hartzea, guztiei eragiten dielako. Bide horretan, "beharrezkoa" ikusten dute herritik lan egitea, eta horretan jarriko du alea azoka horrek. "Gure esku dago egunerokoan arduratsu jokatuz ingurumena errespetatzea", jakinarazi dute.
Izan ere, badira herrian alda daitezkeen zenbait ohitura. Antolatzaileek emandako datuen arabera, hondakinen gaikako bilketa tasa %40koa da, inguruko herrietan baino baxuagoa; karbono dioxidoaren isuri nagusia autoena da, industriaren ostean; bestalde, Urola Erdiak menpekotasun energetikoa duela ere azaldu dute, kanpotik jasotzen duelako ia energia guztia; eta, gainera, fosila dela.
Herritarrek alda ditzaketen ohituren artean nabarmendu dituzte oinez zein bizikletan ibiltzea, garraio publikoa erabiltzea edo kontsumo ohitura arduratsuak hartzen joatea. Hondakinei dagokionez ere gogorarazi dute "sortzen ez dena" dela "hondakinik onena". Bertako produktuak erostea eta etxeko poltsak erabiltzea gomendatu dute bide horretan sakontzeko. Ondoren daude berrerabilpena eta birziklatzea.
Halako gaiak landuko dituzte larunbateko azokan, formazio saioen eta adibideen bidez. Horrez gain, bihar hitzaldia eskainiko du Iker Etxano ekonomialaria eta EHUko irakasleak. 19:00etan izango da, Sindikatu Zahararrean, eta honakoa da izenburua:
Iraunkorra ote da gure eredu sozioekonomikoa?.
Eragileak
- Usurbilgo lanbide eskola. Energia berriztagarrien erakusketa.
- Piztu Lantaldea eta Mugarik Gabeko Ingeniariak taldea. Eguzki labeak eta mokadutxoa.
- Goiener. Energia Berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatibaren informazio gunea.
- Francking Ez! taldea. Informazio postua.
- Herriko dendariak. Bizikleta elektrikoen erakusketa.
- Bizikletan bizi. Informazio gunea.
- Elkar-ekin eta kaleko taldea. Bigarren eskuko materialaren azoka.
- Eskualdeko artisauak. Salmenta postuak.
- Arte eta Diseinu Eskola eta Azpeitiko Metal Boskotea. Umeentzako tailerra, material birziklatuekin musika instrumentuak eginda, 11:00tan. Izen ematea Gazte Informazio Bulegoan edota 943-15 71 60 telefonoan, 4-9 urte bitartekoentzat.
- Edukiontzi grisen bereizketa. Benetako errefuxa bereiztu eta hondakin birziklagarrien karakterizazioa egingo da.
- Sanagustin kulturgunea. Errefuxa bereiztu eta hondakin birziklagarrien karakterizazioa.
- Oinatz animalista taldea. Mokadutxo beganoa.
- Nerea eskulanak. Jostun tailerra.
- Liztor asiatikoen prebentzioa. Informazio postua.
- Kimu Bat. Erakusketa.
- Urrestillatik Azpeitira bidegorria eskatzeko martxa. 10:00tan aterako da Urrestillatik 11:00etan Azpeitiko plazan bukatzeko, eta mezuaren irakurketa egingo da bertan. Parte hartu nahi duten azpeitiarrek 09:30ean har dezakete autobusa anbulatorio parean Urrestillarantz. Urrestildarrek Azpeititik 12:30ean dute autobusa itzulerarako.