Aukeratu dituzte Marea Arroxaren saninazioetako kamisetarako marrazkia eta leloa

Urola Kostako Hitza 2016ko ekainaren 15a

"Eztanda arroxa!" izango da aurten Marea Arroxaren leloa, eta Leire Ugarte azpeitiarrak egindako diseinua izango da kamisetetan eramango dutena.

Aukeratu dituzte Marea Arroxaren saninazioetako aurtengo kamisetaren marrazkia eta leloa. Atzo, ekainak 14, aukeratu zuten kamisetaren diseinua, festak antolatzeko plazan egindako batzarrean. Iritzia ematera bertaratu ziren 35 lagunen artean hartu zuten erabakia, eta Leire Ugarte azpeitiarrak egindako diseinua izan zen boto gehien jaso zituena. Horrenbestez, hori izango da aurtengo festetan Marea Arroxak izango duen irudia. Festa batzordearen baloreak zein diren "azaleratu eta azpimarratu" nahi dituzte Marea Arroxako kideek, eta, horregatik, ezinbesteko baldintza bezala jarri zuten lau ikurrak (feminismoarena, presoak etxeratzearen aldekoa, zero zaborren ikurra eta Euskal Herrian Euskarazekoa) jartzea. Guztira, hamabi diseinu ezberdin aurkeztu zituzten kamiseta arroxaren marrazkia eta leloa aukeratzeko Haujijijai!-k antolatu zuen lehiaketara. Saninazioak antolatzen hasi dira dagoeneko Marea Arroxako kideak, baina beren helburua da "plazan egiten diren batzarretara geroz eta herritar gehiago animatzea". Astearteetan egiten dute bilera orokorra, 21:00etan udaletxe azpiko arkupeetan. Marea Arroxatik adierazi dutenez, "festak antolatzera begira ideiak bota, iritzia eman eta bere alea jarri nahi duen oro izango da ongi etorria".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide