Azkoitiak eta Azpeitiak herriarteko finalerdiak jokatuko dituzte

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko ekainaren 14a

Azkoitiarrek Zizurkil hartu dute mendean; eta azpeitiarrek Oiartzun. Astigarraga eta Hernaniren aurka jokatuko dute ostiralean, etxean dira bi lehiak, 22:00etatik aurrera.

Iriarte pilotaria Oiartzungo aurkaria agurtzen, igandean. (E. Albizu Lizaso) Azkoitiak eta Azpeitiak aurrera jarraitzen dute Gipuzkoako Herriarteko txapelketan, asteburuko partida guztiak irabazi ostean. Beraz, finalerdiak jokatuko dituzte bi taldeek asteburu honetan eta hurrengoan. Zizurkil hartu zuten mendean azkoitiarrek ostiralean; eta Oiartzun, berriz, azpeitiarrek igandean. Bi kasuetan, 3 eta 0 irabazi zuten bailarako pilotariek. Hurrengo txanpan, Astigarragaren kontra jokatuko dute azkoitiarrek, eta Hernaniren aurka Ilunpeko pilotariek. Ostiralean izango dira lehen partidak: azkoitiarrek 22:00etan jokatuko dute etxean, Gurea pilotalekuan. Azpeitiarrek ere herrian, Frontoi Txikin, hartuko dituzte aurkariak, 22:00etatik aurrera.

Final laurdenak aise

Bi udalerrietako pilotariek aise igaro dituzte herriartekoko final laurdenak. Ostiraleko saioan, Azkoitiko Ion Oteiza eta Jagoba Uranga kadeteek 17 eta 22 irabazi zuten; Endika Cuevas eta Aitor Azkoitia jubenilek 18 eta 22; eta Markel Andueza eta Jon Juaristi seniorrek 9 eta 22. Etxean jokatu zutenean 2 eta 1 irabazi zuten azkoitiarrek; eta, guztira, 5 eta 1 irabazi dute kanporaketa. Azpeitiarren kasuan, lehen partida 8 eta 22 irabazi zuten Unai Alberdi eta Julen Egiguren kadeteek; 16 eta 22 nagusitu ziren Gorka Iriarte eta Jon Alberdi jubenilak; eta hirugarren partidan 9 eta 22 irabazi dute Markel Etxaniz eta Daniel Murgiondo seniorrek. 5 eta 1 bukatu dute haiek ere. Bi taldeek finalerdiak irabaziz gero, elkarren aurka jokatuko dute finala. 1996an jokatu zuten azken aldiz, nor baino nor, Azkoitiak eta Azpeitiak, eta azkoitiarrek irabazi zuten. Bi elkarteetako ordezkariek esan dute gustatuko litzaiekeela azken partida elkarren aurka jokatzea.

Berria txapelketa, gaur

Bien bitartean, Berria txapelketako final laurdena jokatuko dute gaur Ilunpekoek. Herriarteko lehiaketaren tankerakoa da, eta kadete, jubenil zein seniorrek jokatzen dute. Desberdintasuna da herriak beharrean klubak lehiatzen direla. Horrez gain, partida bakarrera dira kanporaketak; alegia, gaur erabakiko da azpeitiarrek finalerdia jokatuko ote duten. Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek jokatuko dute kadeteetan; Jon Alberdik eta Imanol Odriozolak jubeniletan; eta Markel Etxanizek eta Daniel Murgiondok seniorretan. Bestalde, banaka ere lan ona egiten ari dira Ilunpeko pilotariak. Jon Alberdik Mallabiako Biharko Izarrak pilota txapelketa irabazi zuen ostiralean, Enaitz Antsoren aurka 22 eta 14. Julen Egiguren kadeteak ere XXVI. Josetxo Ezkurra txapelketa irabazi zuen larunbatean, Donezteben (Nafarroa). 18 eta 8 gailendu zen azpeitiarra Enaitz Telletxea nafarraren kontra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide