Pablo Turrillas: "Sekulako aukera dugu bihar Lagun Onakekin historia egiteko"

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko eka. 10a, 12:39

Espainiako 2B mailara igotzeko fasea jokatzen ari dira Lagun Onakeko futbolariak. Igandean Murtzian jokatuko dute, Aguilas taldearen kontra; gol bateko abantailarekin doaz aurkariarenera.

Lagun Onak futbol taldea, igoera faseko partida batean. (Eli Aizpurua) "Gogorra" izango da igandeko partida Lagun Onak futbol taldearentzat, baina "baikor" abiatuko dira bihar Murtziara (Espainia), Pablo Turrillas entrenatzailearen arabera. Gol bateko abantailarekin doaz azpeitiarrak Aguilas futbol taldearen etxera. Izan ere, 1 eta 0 irabazi zuten joaneko partida Garmendipen, larunbatean. Espainiako 2B mailarako igoera fasea ari da jokatzen Lagun Onak, eta igandeko neurketa irabazi edo berdintzen badute, azken bi partidak faltako zaizkie mailaz igotzeko. Asteburuko neurketa galduta ere, izango dute aukeraren bat igoera fasean jarraitzeko, gol kopuruaren arabera. Dena den, Turrillasek azaldu du igoera faseko partida guztiak direla "final handia", edozein unetan buka daitekeelako "ametsa". "Kontzientziatuta gaude, eta badakigu ezin dugula hutsik egin, edozer unetan kanpoan gera gaitezkeelako. Horregatik, oso garrantzitsua da bihar ere golak sartzea", esan du entrenatzaileak. Aguilas taldea "beteranoa" dela azaldu du Turrillasek: "Indar handiko taldea da, eta badakite presioa egiten, mutil gogorrak dira". Hala ere, Lagun Onak "oso momentu onean" dagoela uste du entrenatzaileak, eta badaki igandean ere "defentsiboki" lan handia egingo dutela.

"Sasoi onean"

Ligan gorabeherak izan badituzte ere, "sasoi onean" bukatu zuten denboraldia, eta horrek lagundu die igoera faseari ere ondo eusten. "Futbola horrelakoa da, ezin duzu beti punta-puntan ibili, eta izan genuen erorialdi moduko bat denboraldi erdian. Zortzi partida berdindu genituen jarraian, baina gero suspertu ginen", azaldu du. Beraz, "ilusioarekin" jokatuko dute; nahi edo ez, buruan dutelako Espainiako 2B maila. "Sekulako aukera dugu bihar Lagun Onakekin historia egiteko", nabarmendu du entrenatzaileak.

Zaleen giroa

Autobus bat joango da Murtziara bihar zaleekin, baldin eta 35 laguneko taldea osatzen badute. Zaleak asko ari dira laguntzen taldearen fase honetan, entrenatzailearen arabera: "120 lagun inguru joaten dira ligako partidak ikustera, eta joan den larunbatean 1.200 ziren Garmendipen: atera kalkuloak". Turrillasen hitzetan, "balio erantsia" ematen diote animatzera joaten diren lagun eta familiakoek taldeari, eta hori "ona" da jokalarientzat eta talde tekniko guztiarentzat. Murtziara joateko izena eman dutenei, bereziki, eskerrak eman nahi dizkie entrenatzaileak: "Ez dakit osatuko duten taldea, baina izena eman dutenei eskerrak eman nahi dizkiegu prest daudelako 12 orduko bidaia egin eta gu animatzeko". Haiengatik ere saiatuko dira, beraz, biharkoan.

Anaitasunak Arrigorriagan jokatuko du

Azkoitiko Anaitasuna taldea Espainiako Hirugarren Mailarako igoera fasea jokatzen ari da, eta Arrigorriagan (Bizkaia) jokatuko du, Padura taldearen aurka, 18:00etan. Azkoititik autobusak joango dira, gorriak animatzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide