Ingurumen Hamabostaldiaren barruan, ikasleentzat antolatutako elikadura jasangarria sustatzeko proiektuen txapelketaren sari banaketa ekitaldia egin zuten joan den ostiralean, Betharramen. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko 4. mailako ikasleek jaso zuten banatutako sari bakarra, Dieta osasuntsuak bideratzeko, aholkuak eman ikasleei ikastolatik proiektuarekin. Aurtengo edizioan sari bakarra banatu dute; izan ere, DBH eta Batxilergoko ikasleek ez dute proiekturik aurkeztu. Lehen hezkuntzan, aldiz, hiru proiektu aurkeztu dituzte. Irabazleek Urdaibaira joateko bonoa eskuratu zuten, eta Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak eman zien saria.
Sendabelarren tailerra, zapatuan
Zapaturako, ekainak 11, sendabelarren erabilerak familian ezagutzeko tailerra antolatu dute, Ingurumen Hamabostaldia dela-eta. Ingurugiro Etxean izango da saioa, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Bertan ukenduak, perfumeak eta olioa egingo dituzte parte-hartzaileek. Plazak mugatuak dira, eta parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute 943-81 24 48 telefono zenbakira deituta.