Bigarren urtez jarraian, kros solidarioa egingo dute Sanjuandegin. Igandean izango da, goizez, eta Tindufeko errefuxiatu kanpamenduetan duela hilabete gutxi izandako uholdeetako ezbeharrei laguntzeko antolatu dute krosa Azpeitiko kooperazio taldeak, Xeye atletismo taldeak, XJ auzolanean elkarteak eta Khamar Sahararen aldeko elkarteak.
2002 eta 2012 urteen artean jaiotako haurrek har dezakete parte igandeko lasterketan. Izen-ematea egunean bertan izango da, 9:15etik aurrera, Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan. Izen-ematea ez da ordaindu beharko, baina borondatea jasoko dute.
10:30ean hasiko dira lasterketak; 2012tik aurrera jaiotakok heldu batek lagunduta hartuko dute parte, eta 200 metro egingo dituzte. Ondoren, 10:45ean, 2011 eta 2010 urteetan jaiotakoen txanda izango da, eta horiek 450 metroko itzulia egin beharko dute. Horien ostean, 2009 eta 2008 urteen artean jaiotakoek 650 metroko lasterketa egingo dute. Horiek bukatutakoan, 2007 eta 2006 urteetan jaiotakoen txanda izango da, eta 900 metroko itzulia egingo dute. Ondoren, 2005 eta 2004 urteetan jaiotakoek, 1.300 metroko proba izango dute. Azken lasterketa 2003 eta 2002 urteetan jaiotakoena izango da. 11:45ean hasiko da, eta 1.950 metroko ibilbidea egin beharko dute gaztetxoek.
"Iaz, Nepalen izandako lurrikararen ondorioz sortu zen ekimena. Herrialde hori laguntzeko dirua biltzeko ekimenen bat egin nahi genuen eta Xeye atletismo taldeak proposatuta krosa antolatu genuen", adierazi du Maite Azpiazu Khamar taldeko kideak. Iazko esperientzia "oso positiboa" izan zela-eta, ekimenari jarraipena ematea erabaki zuten: "Asmoa urtero herrialde desberdin batera bideratzea da jasotzen dugun dirua. Aurten, uholdeek sahararren Tindoufeko errefuxiatu kanpamentuetan kalte izugarriak eragin dituzte, eta dirua hara bideratzea erabaki dugu", adierazi du.
Azpeitiko Udalak ere laguntzen du krosa. Hala dio Eneko Etxeberria alkateak: "Ekimen polita da benetan. Haurren mila lasterketa egon daitezke, baina honetan elkartasunaren alde egiten dute. Elkarlanean eta elkartasunaren alde antolatutako lasterketa da eta erabat txalotzekoa da". Horrelako ekimen "txikiak" oso garrantzitsuak direla dio, "Saharak bizi duen injustizia salatzeko nahiz ezkutua eta ahaztua nahi den errealitate bortitza azaleratzeko".
Saharako errefuxiatu kanpamentuetako egoera ere ekarri nahi izan du gogora: "40 urte injustizia batean bizi dira. Beren herrialdetik kanpo, beren giza eskubideak urratuta. Bizi baldintza ikaragarri gogorrei, gainera, aurtengo uholdeak bezalako fenomenoengatik zailago egiten zaie bizirautea".