Malagako taldea Azpeitia Cup-eko edizio batean. (Azpeitia Cup)
X. Azpeitia Cup futbol txapelketa jokatuko dute asteburuan 10 eta 11 urteko mutikoek. Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako 30 taldek parte hartuko dute "adiskidetasunaren txapelketan", ostiralean, larunbatean eta igandean. Espainiako Lehen Mailako ligako hemeretzi taldetako harrobiak izango dira Azpeitiko Garmendipen, eta punta-puntako futbolaz gozatzeko aukera izango dute zaleek.
Azken prestaketak tarteko, futbol zelaitik "atera ere egin gabe" dabil Mikel Rodriguez Azpeitia Cup-eko lehendakaria. Elkartean bost lagun badira ere, 60 pertsona inguruk laguntzen dute txapelketaren antolaketan, eta haiek gabe lehiaketa "ezinezkoa" litzatekeela nabarmendu du Rodriguezek: "Taldeentzako gidariak, kanpo futboleko laguntzaileak, sukaldariak... esku asko behar dira kanpotik ikusten dena koordinatzeko eta osatzeko". Izan ere, askok Azpeitia Cupen atzean futbola soilik ikusten badute ere, "askoz gehiago" da antolatzaileentzat: "Futbolaz gain, festa bat da, eta gure kultura beste leku batzuetako jendeari erakusteko aukera da. Horregatik, beti saiatzen gara jendea herrira bideratzen. Aste honetan, gainera, txakolin dastaketa eta kontzertuak ditugu, eta aukera ona da denentzat". Joan den urtean, kimuen txapelketarako 3.000 lagun baino gehiago hurbildu ziren bailarara, jokalari, guraso eta lagunen artean. Aurten, sei talde gehiagok parte hartuko dutenez, 4.000ra iristea espero dute.
Hiru egun bizi
81 partida jokatuko dituzte, guztira, 30 taldek hiru egunetan. Multzoetan daude banatuta taldeak, eta ostiral zein larunbatean multzo horietan jokatuko dute. Multzo bakoitzeko bi talde onenak igandeko azken fasera igaroko dira. Ostiralean, 18:00etatik 20:30era jokatuko dute; 09:30etik 19:30era larunbatean; eta 09:30etik 13:15era, igandean.
Bestalde, larunbatean herriko elkarteetan egingo dute otordua futbolari gaztetxoek. Haren ondoren, 15:45ean, Garmendipe futbol zelaian inaugurazio ekitaldia egingo dute, dantzariekin, musikariekin, jokalari guztiekin eta abar.
Azpeitia Cup elkarteko ordezkariek herritar guztiak animatu dituzte ostiral, larunbat eta igandean Garmendipeko partidak ikustera. Ondoren, hurrengo asteburuan izango da bigarren hitzordua. Izan ere, nesken Azpeitia Cup jokatuko dute 35 taldek.