Parte-hartze zifra lana eta borondatearen emaitza izan da, eta horretan ez dugu eragin Hitzartuko 16 kideek bakarrik. Zuek guztiok zarete Hitzartu. Egunotan, batek baino gehiagok galdetu digu ea onak izan diren gure emaitzak: lasai egon, bikainak izan dira, aurrekaririk gabekoak. Horrelaxe lortuko dugu hemendik urte batzuetara Euskal Herrian halako galdeketa bat egitea.
Zergatik dira gure ustez onak datuak? Batetik, Kataluniako prozesua dugu: 2009ko lehen olatu hartan herritarren %27k parte hartu zuen. Txalo artean jaso zituzten emaitzak, bidea irekitzen ari ziren. Herriak herriarentzat prestatutako lehen galdeketak ziren. Euskal Herrian, %29,4ra igo genuen langa igandean. Beste erreferentzia bat ere bagenuen: Banyoles (Girona, Herrialde Katalanak). Herri hori Azpeitiaren parekoa da, gutxi gorabehera, biztanle kopuru aldetik eta soziologikoki. Kataluniako begiraleek esan ziguten hura izan zela parte hartze handienetakoa lortu zuena lehen uholde hartan–%36–, eta horra gerturatzea izugarria litzatekeela. Zifra hori genuen buruan eta bihotzean, eta elkarri begiratu genion ezin sinistuta, %39,37ko zenbakia ikusi genuenean kalkulagailuan.
Galdeketa ez-ofiziala izanda, zailtasunak zailtasun, ia hamar lagunetik lau etorri ziren hautetsontzietara igandean. Ez zen halako emaitzarik lortu Azpeitian 1978an, Espainiako konstituzioaren galdeketan –%20,6–; ezta 2005ean Europako konstituzioaz galdetu zutenean ere–%30,7–. Emaitzen neurriaz jabetzeko, galdera hau egin diezaiokegu geure buruari: noiz eta zeren inguruan egin dugu bat 4.781 azpeitiarrek?
Azken urte hauetan erabakitze eskubidearen aldeko mugimendua Azpeitian ere hazi egin da: 1.600 pertsona izan ginen 2014an, Durango eta Iruñea arteko giza-katean; 1.800 atxikimendu lortu genituen 2015ean, oihalak josten hasi ginenean. 2016ko galdeketan zifra horiek bikoiztu eta pasatu egin ditugu.
Zorionak emateko unea iritsi da: Hitzarturengan eta herri galdeketa honengan sinistu duzuenoi eskerrak emateko momentua da. Sei hilabete hauek zoragarriak izan dira, eta poz leherketa izan zen igandean, 2016ko ekainaren 5ean. Herri bezala erabakitzen hasi gara, posible dela ohartu gara. Hau hasi besterik ez da egin. Erabakitze eskubidearen dinamika honi eutsiz, laster iritsiko da 3.000.000 biztanleko herri honetara etorkizuna adostasunez eta boto bidez erabakitzeko aukera.