Azkoitia eta Azpeitia aurrera doaz herriartekoan

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko ekainaren 8a

Zizurkilen jokatuko dute azkoitiarrek ostiralean; eta Oiartzunen, berriz, azpeitiarrek igandean. Irabaziz gero, finalerdira igaroko dira.

(E. Albizu Lizaso) Gipuzkoako herriarteko pilota txapelketako final laurdenak jokatzen ari dira Azkoitiko eta Azpeitiko pilotariak, eta bi udalerrietako kirolariek irabazi dute joanekoa. Zizurkilen kontra jokatu zuten azkoitiarrek, etxean; 2 eta 1 irabazi zuten. Ion Oteiza eta Jagoba Uranga kadeteek eta Endika Cuevas eta Aitor Azkoitia jubenilek lortu zituzten garaipenak: 22-14 eta 22-8, hurrenez hurren. Markel Andueza eta Jon Juaristi seniorrek 19 eta 22 galdu zuten. Datorren ostiralean jokatuko dute etorriko partida Azkoitiko mutilek, Zizurkilen, 19:30ean. Azpeitiarrak, Oiartzunen Azpeitiarrak ere 2 eta 1 irabazi zieten Oiartzungo pilotariei. Larunbat arratsaldean jokatu zituzten haiek partidak. Unai Alberdi eta Julen Egiguren kadeteek 20-22 galdu zuten, neurketa estua jokatu ostean; Gorka Iriarte eta Jon Alberdi jubenilek 22-7 irabazi zuten; eta 22-13rekinlortu zuten garaipena Markel Etxaniz eta Daniel Murgiondo seniorrek. Ohikoa den bezala, bete egin zen Frontoi Txiki. Azpeitiarrek igandean jokatuko dituzte etorriko partidak, 17:00etatik aurrera, Oiartzunen. Joaneko txanda jokatuta, asteburuko neurketak irabaziz gero, finalerdietara igaroko dira Azkoitiko eta Azpeitiko pilotariak. Hilaren bukaeran da finala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide